Agintaldira begirako plangintzaren gainean erantzun dio alderdi jeltzaleak EH Bilduri

Imanol Beloki Unamuno 2019ko urr. 16a, 16:29

Pasa den astean Aretxabaletako EH Bilduk egindako prentsaurrekoan udal batek plan garatuago bat behar duela adierazi zion Udal Gobernuari. Besteak beste, kudeaketa eraginkorra, gardena eta parte-hartzailea egin ahal izateko bidean. Hori horrela, martitzenean, prentsaurrekoa egin zuen EAJk, EH Bilduk esandakoen gainean, zenbait argudio emateko.

"Inprobisatzeaz akusatu gaituzte berriz. Pasa den agintaldi osoa pasatu dugu udaletxean berdina entzuten, eta argi eta garbi esan nahi dugu, gure plana daukagula, gure proiektua daukagula eta hori, programan jarri genituen hamar puntutan oinarritzen dela. Hala, maiatzean herritarrek emandako babesari esker aurrera eramateko asmoa daukagu", adierazi zuen Unai Elkoro Aretxabaletako alkateak.

Honekin batera, nabarmendu zuen urteroko plangintza beharrezkoa dela, baina dena ezin dela batera egin. Aurten, teknikariekin batera, 2020ko aurrekontuak lantzen ari direla ere gaineratu zuen Aretxabaletako alkateak, eta horren bueltan egindako dokumentuan islatuko dela urtean egingo dutena.

Aurrekontuetan, EAJren proiektu izar batzuk jarriko dituztela adierazi zuen, baina ez guztiak. Eta, Udalaren eskumenekoak diren beste arlo guztietakoak ere ezarriko dituztela esan zuen: euskara, kirola, berdintasuna… "Iaz onartu zen berdintasun plana lau urtetarako, eta urteroko helburuak azaltzen ditu, beste horrenbeste euskararen kasuan…".

Eredu ireki eta gardena

Honez gain, alderdi jeltzalearen lehen puntu garrantzitsuena gobernantza eredu ireki eta gardena izatea dela nabarmendu zuten. Gaineratuz, proiektu izarren aurretik egunerokotasuna dagoela, eta herritarren, zein EH Bilduren proposamenak aztertzeko prest daudela eta horretan ari direla adierazi zuten. "Prest gaude herritarren zein EH Bilduren proposamen eraikitzaile gureak egiten, eta ados bagaude proiektuan ezartzen. Esaterako, Santa Kruzko bidegorrian aldaketa batzuk proposatu dizkigute, zentzuzkoak iruditu zaizkigu, eta proiektua hobetze aldera txertatuko ditugu", adierazi zuen Elkorok.

Fiskalizaziorako beldurra izatearen akusazioa

Kudeaketan ardurak, erraztasunak, eta informazioa ere eman zaizkiela EH Bilduri adierazi zuen Elkorok, eta hori horrela ez dela esatea onartezina dela argudiatu: "Fiskalizaziorako beldurra izateaz akusatu digute, eta ez zaigu bidezkoa iruditzen. Izan ere, EH Bilduko bi kide daude Tokiko Gobernu Batzordean, eta hauetariko bat jardun osoz liberatuta, kudeaketan ardurak eman zaizkiona. Erraztasun osoa eman zaie informazioa lehen eskutik izateko, beraz onartezina iruditzen zaigu inongo beldurrik edo gardentasun faltarik leporatzea".

Bata besteari erantzuten aritu barik

Amaitzeko, nabarmendu gura izan zuten oraingoan egin duten arren, EH Bilduren prentsaurreko bati erantzuna ematen aritzea ez dutela gura, eta astero-astero komunikabideetan irtetea ez dela beraien helburua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak