Futbol zelaia egiten dabilen enpresa zigortu egingo du Aretxabaletako Udalak

Mirari Altube Arrese 2019ko urr. 4a, 08:22

Abuzturako bukatuta egon behar zuen kirol ekipamendua urri bukaerarako egongo dela gertu uste du Udalak. 

Futbol zelai berriaren lanak apirilean hasi zituzten, lau hilabetean bukatzeko konpromisoarekin; baina hainbat eragozpen izan dituzte: "Hasieran aurreikusita zegoena baino gehiago induskatu behar izan zuten, eta horrek entrega-epeari eragin zion. Abuztuan, amaituta egon behar zuenean, enpresak instalazioaren itxiera perimetrala denboraz ez zuela jasoko jakinarazi zigun. Irailaren erdirako konponduta egongo zela esan arren, data hori ere ez da bete", azaldu du Unai Elkoro alkateak.

Urri bukaerarako egongo da gertu, baina Sports&Landscape enpresari zigorra ezarri diote: "Aurreikuspenik eza egon da eta horrek denboraldi berriarekin zelaia inauguratzea galarazi du. Atzerapen egun bakoitzagatik 175 euroko zigorra jartzea erabaki dugu, legeak ezartzen duen moduan", dio Elkorok. Txosten zigortzailea abiarazi du Udalak, eta obren ardura duen enpresak hamar eguneko epea du alegazioak aurkezteko.

Futbol zelaiaren ezaugarriak

Arqunica estudioak idatzitako proiektuan jasota dagoenez, futbol zelai inguruak 58x38 metro izango ditu, eta zelaiak, berak, 52x32 metro. Belar artifiziala jarriko diote eta hori ureztatzeko sei aspertsore izango ditu. Hormatxo batek itxiko du instalazioaren ingurunea, eta horren gainean bi metroko hesia izango da, baloiek ez dezaten alde egin.

Argiztapenari dagokionez, hamabi metroko lau zutabe jarri dituzte, eta bakoitzaren gainean led motako lau proiektore. Horrez gain, futbolean jokatzeko behar den materialekin hornituko dute zelaia: bi ate mugiezin, eskuz aldatzeko markagailua, jokalariei zuzendutako aulkiak, ikusleentzako eserlekuak… Kataluniako Sports & Landscape enpresari esleitu zizkion lanak Udalak, 352.000 eurotan. Horietatik 51.000 euro inguru UDAk jarriko ditu, eta gainontzekoa Udalak. UDAk izango du lehentasuna zelaia erabiltzeko orduan, eta entrenamendu orduetatik kanpo erabilera publikoa izango du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak