Magia nagusi domekara arte Aretxabaletan

Imanol Beloki Unamuno 2019ko ira. 5a, 14:27

Magia Astearen barruan egitarau zabala prestatu du Aretxabaletako Udalak, eta, eguaztenean hasita, domekara arte mago ugari izango dira egunotan ikuskizunak eskaintzen: Las Niñas Del Mago, Hodei magoa, Txoborro, Tor eta Txan magoak.

Ilusioa, magia, tranpa, eskuen bizkortasuna eta abilezia, denetik dago aste honetan Aretxabaletan. Izan ere, Magia Astea antolatu du Aretxabaletako Udalak eta eguaztenean hasi zen herria magiaz betetzen. Lehenengo hitzordua nagusien egoitzan izan zen; izan ere, gertuko magia saioak eskaini zizkieten egoiliarrei Hodei, Las Niñas Del Mago eta Txoborro magoek. Ondoren, pintxo-potea zela aprobetxatuz, kalez kale ere aritu ziren. Horrekin batera, domekara arte zenbait saio izango dira herriko hainbat txokotan.

Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak azaldu duenez, jendeak disfrutatzea da asmoa. "Ekintza ugari antolatu ditugu Magia Astearen barruko egitarauan. Egitasmoari hasiera emateko kaleko emanaldiaren apustua egin dugu, eta, horrekin batera, Zaraia aretoan hainbat ikuskizun ere prestatu ditugu astebururako. Beraz, ea animatzen diren herritarrak magia ikuskizun hauetara joaten eta bikain pasatzen duten".

Emanaldi ugari asteburuan

Egubakoitzean, magia tailerra izango da Arkupen, gaztetxoentzat. 11:00etan, Txoborro eta Tor magoekin bi saio izango dira, haurrek magia egiten ikas dezaten; 6-10 urte bitartekoentzat izango da saio bat, eta bestea, berriz, 11-14 urte bitartekoentzat. Arratsaldean, berriz, Txoborro eta Tor magoek Saloon ikuskizuna eskainiko dute, 18:30ean, Herriko Plazan. Mendebalde urrunean girotuta, hurbileko magiaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Zapatuan, aldiz, Hodei magoaren Tutti-magia saioa izango da, 19:00etan, Zaraia aretoan. Ilusionismoaren munduko diziplina desberdinen arteko ibilbideaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, hainbat objekturen manipulazioa, mentalismoa, arrisku-jokoak… Domekan, berriz, magia-asteari amaiera emateko, Txan magoa izango da, 19:00etan, Zaraia aretoan. Magia jokoetarako pilotak, zapiak, kartak, sokak... erabiliko ditu, eta, ilusionismo saioetan egin izan duen moduan, umorea oinarrizko elementu izango du.

Nagusientzat zein txikienentzat

"Orokorrean, harrera ona izaten du Magia Asteak; batez ere, haurrek dute gustukoen, baina nagusiei ere asko gustatzen zaie. Hala, asteari nagusien egoitzan eman diogu hasiera, gertuko magia saioa eskainiz. Asteburuko hitzorduak, aldiz, familientzat zuzendutakoak izango dira… Gainera, Carmen eta Bego Cabeza ahizpak ere ditugu gurean, Las Niñas Del Mago ezizenez ezagunagoak direnak. Espainian dagoen emakumezko mago-bikote bakarra da, eta ibilbide luzeko artistak dira…", adierazi du Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak