Lau batzorde eratuta eta hiru liberaziorekin ekin diote agintaldiari

Mirari Altube Arrese 2019ko uzt. 11a, 17:46

Alkatearekin batera beste bi liberatu izango dira jardun osoz: EAJko Ainhoa Cabero eta EH Bilduko Ion Albizu. Aurreko agintaldian baino batzorde gutxiago eratu dituzte, lau guztira, eta oposizioko taldeak horietako baten gidaritza izango du.

Martitzenean egindako ezohiko osoko bilkurarekin ekin dio udalbatzak lau urteko ibilbideari. Eta horretarako, kargua hartzeko zuen EAJko Alex Seiler zinegotzi izendatu zuten lehenengo. Hori egindakoan, ohiko osoko bilkurak noiz egin zehaztu zuten: hileko bigarren eguaztenetan, bi hilabetean behin.

Oraingo agintaldian batzorde gutxiago eratzea erabaki dute, eta lau bakarrik izango dira: Hirigintza, Gizartegintza (Ongizatea, Prebentzioa eta Gazteria), Herri sustapena (Kultura, Kirola eta Euskara) eta Udal Plangintza. "Murriztu egin ditugu, uste dugulako koordinazio eta elkarlan beharra dugula eta hori dela bidea. Erronka handia izango da, baina proba egiteko gertu gaude", adierazi du Unai Elkoro alkateak. Idazkaritza, Kontu-hartzailetza eta Udaltzaingoa alkatearen ardura izango dira eta Ogasuna eta Pertsonala, ostera, Gobernu batzordearenak.

Aurreko agintaldian legez, Gobernu batzordeko kide izango da EH Bildu; hor egongo dira EAJko Elkoro, Karmele Uribarri –lehenengo alkateordea– eta Koldo Zubillaga –bigarren alkateordea–, eta EH Bilduko Ion Albizu eta Mikel Uribetxebarria: "EAJrekin lortu dugun akordioa oinarritzen da lankidetzan, ohiko koaliziorik ez dugu egin. Eta orain arte moduan, proposamenak egingo dizkiogu Udal Gobernuari, kritikak ere bai, eta gertuko jarraipen zorrotza. Arduraz jokatzen jarraituko dugu", adierazi du Albizuk. Era berean, Udal Plangintza batzordearen ardura izango da Plan Orokorra garatzea: "Oso garrantzitsua da hori, bereziki etorkizunean eta eguneroko zereginetan sekulako eragina duelako".

Liberatu kopurua ere nobedadea da. Alkatearekin batera, EAJko Caberok eta EH Bilduko Albizuk egun osoko lan-jarduna izango dute. "Ainhoa Caberok barruko gaiak koordinatuko ditu. Eta, horrela, ni neu libreago egongo naiz beste kontu batzuei heltzeko", zioen alkateak, eta Albizuk adierazi zuen: "Plan Orokorra geuk garatu gura dugu, eta horretarako dedikazio handia behar da". Era berean, guztiek onartu zuten ardurarekin jokatzea dagokiela eta herritarrei erakustea Udalak hobeto funtziona dezan baliagarria izango dela.

Hona hemen liberatuen eta alderdien diru ekarpenak:

Liberazioak (gordinak)

  • Unai Elkoro: 56.486,38€
  • Ainhoa Cabero: 39.881,98€
  • Ion Albizu: 39.881,98€

Taldeei ekarpenak:

Finkoa (boto kopuruagatik):

  • EAJ (1.816 boto) 9.854,69€
  • EH Bildu (1.501boto) 8.145,11€

Udalbatzako zinegotzi kopuruagatik

  • EAJ 7 8.481,31€
  • EH Bildu 6 7.269,23€

Gobernu batzordeko kide kopuruagatik:

  • EAJ (hiru kide, bat liberatuta) 4.500€
  • EH Bildu (bi kide, bat liberatuta) 2.250€

Erakundeetako ordezkariak

Hona hemen hainbat erakundetan izango diren ordezkariak. 

Debagoieneko Mankomunitatea:

  • Unai Elkoro Oianguren
  • Ainhoa Cabero Garcia
  • 1.Ordezkoa: Karmele Uribarri Urresti
  • 2.Ordezkoa: Pili Leanizbarrutia

Suradesa:

  • Unai Elkoro Oianguren

Eskola Kontseilua:

  • Koldo Zubillaga

Leizarra musika eskola:

  • Ainhoa Cabero

Eudel:

  • Unai Elkoro

Urats Gain Egoitza:

  • Presidentea: Unai Elkoro
  • Karmele Uribarri.
  • Ainhoa Cabero
  • Irati Pagoaga

Gipuzkoako Ur Kontsortzioa:

  • Unai Elkoro Oianguren

Goiena:

  • Unai Elkoro Oianguren

Debagoieneko Landa Garapen elkartea:

  • Unai Elkoro Oianguren

Leintz Udal Euskaltegia:

  • Unai Elkoro Oianguren
  • Koldo Zubillaga Beltran de Heredia
  • Ainhoa Cabero
  • Jasone Garzia-Etxabe

Zubillaga hiltegia:

  • Unai Elkoro Oianguren

Deba Bailarako Industrialdea:

  • Unai Elkoro Oianguren
  • Ainhoa Cabero

"Gobernua duen taldeak ordezkari guztiak hartzen ditu Mankomunitatean, Aretxabaletan, EAJk bi ordezkari ditu. Guk beste banaketa mota bat egitea gura genuen eskualdean, herri bakoitzeko alderdi guztiek izanik ordezkaritza. Ez da onartua izan baina guk hori eskatzen jarraituko dugu", zioen Ion Albizuk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak