Bilbora joan da aurtengo Euspot-eko sari nagusia

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko mai. 31a, 09:02

Gorputza ON, buruari ON iragarkia gailendu da; Piztu bizitza' lanak MUko ikasleen saria irabazi du; Ez zaitez aldrebestu, mugitu eta bizi lanak, BHKlip saria; ikusleena, Nahi baduzu, ahal duzu spotak; eta musika onenarena, Irabaz ezazu partida! lanak.

Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena umoristek gidatutako ekitaldian banatu zituzten atzo, eguena, euskarazko iragarki onenen sariak, lepo betetako Arkupe kultura etxeko Zaraia aretoan. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen du sariketa, Aretxabaletako Udalarekin, Mondragon Unibertsitatearekin, Arizmendi Ikastolarekin, Arteman Komunikazioarekin eta Music Library-rekin elkarlanean.

Gorputzari ON, Buruari ON iragarkiak irabazi du Euspot lehiaketa. Argazkia: Euspot.eus

Jarduera fisikoa sustatzeko

Antolatzaileak "pozik"daude, inoiz baino lan gehiago jasota, eta kalitateari dagokionez ere gora egin dutelako, Euskal Herriko askotariko txokoetatik 98 iragarki jaso dituztela aipatuta. Gizarte aktiboagoa sustatzeko helburuarekin, jarduera fisikoaren onurei buruzko askotariko hausnarketak egin dituzte lehiakideek.

Bilboko Jabi Juberaren eta Irati Agirreazkuenagaren Gorputza ON, Buruari ON izan da epaimahaikideen erabakiz, lanik onena, "spotaren kalitate teknikoa eta mezuaren egokitasuna" goraipatuta. Foru Aldundiko Hizkuntza Normalizaziorako Zuzendari Garbiñe Mendizabalen eskutik jaso zuen 1.000 eurotako saria Astindu zangoa, askatu gogoa leloa duen iragarkiak.

Nahi baduzu, ahal baduzu lanak eskuratu zuen publikoaren saria. Argazkia: Euspot.eus

Publikoaren saria, berriz, Gasteizera joan zen, eta Andoni Martinez de Madinak, Julen de la Sernak, Ieneko Ruiz de Azuak eta Ibai Lopezek jaso zuten Aretxabaletako alkate Unai Elkororen eskutik, Nahi baduzu, ahal baduzu lanarengatik. Bizikleta estatikoa osagai nagusi duen eta Gasteizen grabatutako umorezko lana da hori, Mugitu eta bizi leloa daukana.

Oihan Loitik egin duen Ez zaitez aldrebestu, mugitu eta bizi iragarkiak irabazi du BHKlip saria. Argazkia: Euspot.eus

Gazteen saria, Oihan Loitik

18 urte beherakoek egindako 62 lan jaso dituzte aurten, eta, horien artean, Arrasaten grabatutako Oihan Loitiren Ez zaitez aldrebestu, mugitu eta bizi izenekoa nabarmendu dute epaimahaikideek, "spotaren kalitate teknikoa" baloratuta. Arizmendi Ikastolako komunikazio arduradun Alberto Garrok eman zion 250 euroko saria.

Maria Garcia, Maider Donoso eta Aitzol Zubizarreta ikasleek MU saria irabazi zuten, telebistaren aurrean txokolatezko opila jaten duen neska eta bat-batean korrikalari bihurtzen dena protagonista duen lanarekin. Spotaren "originaltasuna" goraipatu zieten, eta MUko irakasle Goio Aranaren eskutik jaso zuten 500 euroko oparia.

Musika sinkronizazio onenarena izan zen banatu zuten bosgarrena, eta "musika egokitasunagatik eta originaltasunagatik" jaso zituzten Eskoriatzako Leire Lezetak, Garazi Iglesiasek eta Malen Juradok 300 euro.

Aurten aurkeztu diren iragarki guztiak Euspot.eus atarian daude ikusgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak