ALBISTEAK

Udal hauteskundeetarako taldea aurkeztu du Aretxabaletako EAJk

Aitor Agiriano 2019ko mai. 9a, 11:00

Talde "sendoa, umila, anitza eta eraginkorra" aurkeztu du Aretxabaletako EAJk. "Garbitasunez eta zintzotasunez" jarraituko dute Aretxabaleta hobe baten alde, herritarrei entzun eta herriko beharrei erantzuten. Unai Elkoro izango da datozen lau urteetarako alkategaia.

 

Atzo, eguaztena, egin zuen Aretxabaletako EAJk maiatzaren 26an ospatuko diren udal hauteskundeetarako taldearen aurkezpena. Unai Elkoro, alderdikideak, Debagoieneko EAJren alkategaiak, Eusko Legebiltzarreko presidentea den Bakartxo Tejeria eta aretxabaletarrak ere izan ziren Durana kalean egin zuten aurkezpen ekitaldian.

Lau urte hauetan, "ilusio handiz, Aretxabaleta hobe bat helburu izanik eta bestelako politika bat posible dela erakutsiz aritu gara denontzat lanean", aipatu zuen Elkorok. Eta, gaineratu, ohore handi bat dela berarentzat hori berrestea: "ilusio handiz heltzen diot erronka berriari, datozen lau urte hauetan aretxabaletarren alkate izateko erronkari", hain zuzen. Erronka berri horri baina ez dio bakarrik helduko eta Elkorok berak aurkeztu zuen bidelagun izango duen taldea: "Talde anitza osatzen dugu, bai adinean, eta baita lanbideetan ere. Eskarmentu handiko jendea gehienak, diziplina ezberdinetakoak, batzuk administrazioan aritutakoak eta berriak beste asko, baina helburu berarekin: Atxabalta hobe bat eraikitzea".

Ilusioz beterik datoz eginkizun horretarako eta Elkororentzako ohore handi bat da osatu duten taldearen buru izatea. Aurki, herritarrei entzunda, azken urteotan herriko beharrei erantzuna emateko landutako programa aurkeztuko dute: "ez gara ideia edo kerik saltzen ari, gauzatu daitezkeen proiektuak baizik: hobekuntzak adineko pertsonendako zerbitzuetan, nerabe eta gazteentzako ekimenak, aisialdi eta kirolerako espazioak handitu, herriko irisgarritasuna hobetu eta Atxabalta herri are biziago bat bihurtzea", besteak beste. Hala, hemendik aurrera ere, "sektarismo gabe" aretxabaletar guztientzat lanean arituko direla, hurbiltasunez eta gardentasunez, aipatu zuten.

Bakartxo Tejeriaren hitzak

Herri batentzako garrantzitsuena dena lortu dutela aipatu zuen Tejeriak: "elkarbizitza baketsu bat" eta horren harira erantsi, "legealdi honetan inposizioaren kulturatik elkarrizketaren kulturara pasatzea, herritarren nahiak kontuan hartzea", lortu dutela Aretxabaletan.

Aretxabaletako Udalerako EAJren hautagaitza:

1.-Unai Elkoro

2.- Karmele Uribarri

3.- Xabi Otxoa

4.- Ainhoa Cabero

5.- Koldo Zubillaga

6.- Alex Seiler

7.- Pili Leanizbarrutia

8.- Javier Mar

9.- Pili Gorostiaga

10.- Iñaki Astiazaran

11.- Nerea Garcia

12.- Juanjo Pereira

13.- Mari Carmen Hermosa

14.- Mikel Uribetxebarria

15.- Joxemiel Uribarren 

16.- Arritxu Oliden

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak