Urkia aretxabaletarra euskaltzain oso izendatu zuten Roberto Gonzalez de Viñasprerekin batera 2018ko otsailaren 23an, eta, urtebeteren ondoren, sarrera-hitzaldia eskaini du, bere herrian, Aretxabaletan.
Ekitaldia zapatuan, 12:00etan izan zen Arkupe kultura etxeko Zaraia aretoan. Euskaltzain osoak, urgazleak eta ohorezkoak, guztiak batu ziren bertan. Eta Gipuzkoako eta Debagoieneko instituzioei dagokienez ordezkaritza zabala batu zen. Urkiaren UZEIko lankideak ere bertan izan ziren. Gainera, ekitaldia irekia izan zen eta Urkiaren familiako eta lagunez gain, herritar ugari gerturatu ziren.
Orain arte egindako lanaren eskertza
Urkia Hiztegi Batuko lantaldeko kide da 1999a ezkero eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradun 2013a ezkero, ondorioz bere sarrera-hitzaldia ere hiztegien inguruan izan zen.
Sarrera-hitzaldiak erantzun bat izan ohi du eta zapatuko ekitaldian Andoni Sagarna euskaltzain donostiarrak erantzun zion ‘Badator aire freskoa’ izeneko hitzaldiarekin. Horren ostean, Urkiak kargu berriaren zina egin zuen eta diploma eta domina eman zizkioten.
Euskaltzaindiaren hitzetan euskararen alde orainarte egin dituen lanen eskertza erakusteko eta gerokoe¡ pizgarri izateko izan da hautatua Urkia eta Joan Mari Torrealdai euskaltzain emerituaren lekua beteko du. Urkiak argi esan du, ordea, ordezkatu ez baino partekatu egingo dutela aulkia.
Amaitzeko, euskaltzaindiaren mendeurrena izanik, lan askoko urtea izan dela gaineratu du.