ALBISTEAK

Aste Santurako eskaintza zabala gertatu diete umeei eta nerabeei

Mirari Altube Arrese 2019ko martxoaren 22a

Aste Santuko oporraldiarekin gozatzeko asmoarekin, Udaleko Gazteria Zerbitzuak eskaintza zabala gertatu die umeei eta gaztetxoei, 6 eta 16 urte artekoei. Izena emateko epea astelehenean, hilaren 25ean, zabalduko dute ekintza gehienetarako; Gazteria Zerbitzura jo behar da (udaletxea).

Lehen Hezkuntzakoek, jolasak Gaztetxoenendako, LHko 1. eta 2. mailetakoendako, Jolas-jolasien! programa zehaztu dute apirilaren 15 eta 17 arterako (10:00-13:00); ludotekariek dinamizatutako aisialdi eskaintza izango da: jolasak, naturarekin harremana… Prezioa 30 euro da.

LHko 3. eta 4. mailetakoek, ostera, euskal artisten lanak ezagutuko dituzte –Ibarraundi, Txillida eta Oteiza– hilaren 15etik 17ra bitartean (11:00-13:00), Arkupen. Prezioa 20 euro da.

LHko 5. eta 6. mailetakoek kimika eta esperimentazio tailerrak egingo dituzte Arkupen (11:00-13:00): labazko lanparak, bikarbonatozko sumendia, elur artifiziala… Prezioa 20 euro da.

Eta LHko 4. eta 6. maila artekoek orientazio astronomiko saioa eta izarren behaketa izango dituzte Arkupen (10:30-12:30). Prezioa 20 euro da.

DBHkoek, Gaztekonkis!

DBHkoendako eskaintza berrikuntzaz beteta dator, beste urte batzuetako Gaztekonkis! lehiaketa Erdi Aroko erronkekin uztartu dute eta; Atxorrotx gaztelua konkistatzera joango dira apirilaren 15ean eta 16an, egun osoz. Prezioa 10 euro da. Hiru sari zehaztu dituzte irabazleendako: Salting Iruñerako sarrerak, Realeko emakumezko taldearen partidurako sarrerak eta afari-merienda bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak