Eguaztenean aurkeztu zuen Aretxabaletako EH Bilduk maiatzeko udal hauteskundeetara begirako zerrenda osoa. Taldeko argazkia ateratzeaz batera, zerrendako kideak aurkeztu eta hauteskundeetara begira Aretxabaletako EH Bilduren proiektuko lau ardatz nagusiak azaldu zituzten.
Ion Albisu, Jasone GarciaEtxabe, Mikel Uribetxebarria, Jone Ojea, Gorka Gabilondo, Irati Pagoaga, Naiara Olabarria, Felis Beltran de Heredia, Goretti Aiastui, Gari Iturbe, Oihana Mata, Jon Murgiondo eta Andres Lezetak osatzen dute zerrenda, eta ordezkoak, berriz, honako hauek izango dira: Pedro Mendieta, Nieves Arana eta Pepi Rosado dira.
Zerrenda plurala eta prestatua
Ibarra kiroldegian egindako aurkezpenean Ion Albisu Aretxabaletako EH Bilduko alkategaiak adierazi zuen moduan, zerrenda plurala eta bakoitza bere arloan prestatua dagoena osatu dute. Adinagatik, jatorriagatik, eta baita lanbidez: "Herritar guztien gobernu bat osatzeko herritarrak ahalik eta gehien ordezkatuko dituzten pertsonak behar dira, subjektibitateak kontuan hartzeko eta herritarren beharrak, kexak eta bizipenak Udalera eraman ahal izateko. Zerrenda plurala dugu, begi bistan dago. Plurala eta prestatua, nork bere arloan duen eskarmentua herriaren zerbitzura jartzeko prest daude eta. Hori horrela, gaur, pertsonak balioan jartzeko eguna da, eta bihartik aurrera herritarrei gure proiektua ezagutarazteko tartea hasiko da".
Programaren lau ardatzak
Euren proiektua lau ardatz nagusitan banatuko dutela ere adierazi zuten aurkezpenean: pertsonen herria, zaintzen gaituen herria, aukeren herria eta herri aurreratua. "Pertsonen herria egiteko konpromisoa hartzen dugu. Pertsonak erdigunean kokatzen dituen proiektua dugu. Gainera, kultura duten pertsonen herria nahi dugu, berdintasunean hazten diren herritarrak, eta hezkuntza prozesuan zein kirolean euskarari garrantzia emango diogu. Aretxabaletarrak ahalik eta zoriontsuenak izatearen aldeko apustua egingo dugu, gure nagusiak erdigunean kokatuz. Mugikortasun eredu jasangarriagoa bultzatzen duen herria, energia berriztagarriak erabiltzen duena, eta etorkizunera begirakoa nahi dugu. Amaitzeko, gazteek bertan bizi eta bertan lan egin ahal izateko, enplegu duina edonori eskaini ahal izateko eta komertzio bizia eta gertukoaren alde lan egingo dugu".