Aretxabaletako EH Bilduk proposatu du udaltzain berria aukeratzeko prozesuan genero ikuspuntua txertatzea

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko ots. 27a, 12:53

Aretxabaletako Udalak udaltzain bat kontratatzeko deialdia egingo du, Arkauterekin hitzarmen bat sinatuta. Bada, EH Bilduk udaltzaina aukeratzeko prozesua Udalaren bitartez egitea proposatu du; eta, modu horretan, genero ikuspuntua txertatzea. Horregatik hitzarmena ez sinatzea proposatu dute.

Aretxabaletako Udalean, orain arte, bost udaltzain izan dituzte. Horien buruak erretiroa hartu berri du, eta orain beste udaltzain bat erretiratuko da. Bada Udalak udaltzain bat kontratatzeko asmoa du, horien lekua ordezkatzeko.

Hitzarmena Arkauterekin

"Aldebakarreko erabakia izan da bietako bat ordezkatzea. Aukeraketa prozesua bi modutara egin daiteke: Udalak oposizioa aterata; edo, Arkauterekin hitzarmen sinatu eta haien bitartez egitea. Bada, Udalak Arkauteren bitartez egitea erabaki du", azaldu du Ion Albizu EH Bilduko zinegotziak.

EH Bilduren ustez funtsezkoa da udaltzainen helburu eta betebeharrak zeintzuk diren zehaztea; eta, horren arabera, udaltzain kopurua erabaki beharko litzateke.

"Udaltzainak gure esku eta begiak dira"

EH Bilduren ustez udaltzainen zereginak gaur egungoak baino "askoz gehiago" dira: "Kalean ibiltzen dira, eta gure esku eta begiak dira. Udaltzaingoa herritarrengandik gertu egongo den prebentzio tresna komunikatiboa da", dio Albizuk.

Hori horrela, bi proposamen aurkeztu ditu EH Bilduk: udaltzainak bitartekaritza zerbitzua eskaintzea; eta, genero ikuspuntua txertatzea. "Udaltzainak bitartekaritza zerbitzua eskaintzearen helburua da herritarrak bide judizialetara ez iristea", azaldu du Albizuk. Hori lortzeko, gaur egun dauden udaltzainek bitartekaritzan oinarrizko formakuntza jasotzea proposatzen dute, eta haietako batek "formakuntza sakona" jasotzea.

Genero ikuspuntua

Genero ikuspuntuaren formakuntza beharrezkoa ikusten dute, gainerako udal langileek jasotzen duten moduan. "Hala ere, Udalaren oposizio bitartez egingo balitz udaltzainaren ordezkatzea, merituen artean egongo litzateke genero formakuntza, eta baita oposizioko gaietan txertatuta ere. Formakuntza eta sentsibilitatea baloratu lirateke modu horretan", azaldu du. "Arkauteren bitartez eginez gero ordezkapena, ezingo litzateke genero ikuspuntua txertatu", gaineratu du.

Hori kontuan hartuta, Arkauterekin sinatzekoak diren hitzarmena ez sinatzea eskatzen du EH Bilduk, "ez duelako behar ditugun oinarrizko baldintzak betetzen".

Udaltzainaren ordezkapena bide batetik edo bestetik egin, 2020ko martxora arte ez litzateke udaltzain berririk egongo Aretxabaletan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak