Agintaldiko aurrekonturik altuena izango du Udalak 2019an, hamar milioi euro

Mirari Altube Arrese 2019ko ots. 1a, 13:32

10.015.516 euroko aurrekontua izango du Udalak 2019rako, iazkoarekin alderatuta %3,4 handiagoa. Atzo, urtarrilak 31, onartu zuen udalbatzak jeltzaleen eta alderdi sozialistako zinegotziaren aldeko botoekin (zazpi) eta EH Bilduko zinegotzien abstentzioarekin (lau).

Agintaldiko aurrekontu handiena izanik pozik agertu zen Unai Elkoro alkatea inbertsiotarako "dirutxoa" izango delako: "Aurrekontu polita da Aretxabaletarako. Iaztik abian jarri ezinik genituen proiektuak sartu ditugu, Santa Kurtz kaleko bidegorria eta mojen komentuko aretoa, esaterako. Eta berrien artean dugu Herriko Plazako arrapala". Agintaldia amaiera gertu dagoelako proiektuok guztiz bukatu ezin badira ere ez zen kezkatuta agertu: "Batzuk bukatuko dira eta beste batzuk ez, baina gutxienekoa da hori. Asfaltatze lanak, esaterako, eguraldiaren menpe daude baina lehenago ez bada geroago egingo dira".  

Bestetik, kreditu globalean ohikoa baino diru gehiago utzi dutela aipatu zuen, 160.000 euro inguru: "Deba ibai alboko pasealekua bukatu ahal izatea gurako genuke horrekin". Gerakinetik "dirutxo bat" geratuko dela hurrengo agintaldirako ere gaineratu zuen.

Gainerako partidei dagokienez igoera nabarmenik ez dagoela aipatu zuen: "Komertzioendako plan bat egiteko 15.000 euro sartu ditugu; gazterian diru gehiago sartu dugu hainbat ekintzatarako; eta sail guztietan berdintasunari dagokion partida bat gaineratu da zeharkakotasuna bermatzeko".

EH Bildu abstenitu

EH Bilduk, ostera, aipatu zuen oraingoan ere EAJren –PSE-EEri esker– duen gehiengo absolutuak baldintzatu duela aurrekontua: "Gure botoak ez dira beharrezkoak izan ez lehen, ezta oraingoan ere. Bereziki apurren inguruan eman dira negoziaketak, eta apur horietako batzuk onartu arren gero ez dira gauzatu izan", zioen Ion Albizu bozeramaileak, eta gaineratu zuen: "Herritarren parte-hartzera ere ez dira zabaldu aurrekontuak agintaldi honetan". 

Proiektu interesgarri batzuk egon badaudela onartu zuen, eta eurek ere proposatu dituztela hainbat: "Adibidez, komunak bidegorrian jartzea, sexologia zerbitzua abiaraztea, eta merkataritza plana bultzatzea". Proiektu handienak, baina, azken lau hilabeteetan egiteko "atzeratu dituela" uste du EH Bilduk eta zergatik abstenitu diren azaldu zuen Albizuk: "Gu joko horretan ez gara sartuko eta erabaki dugu proposamenik ez egitea. Negoziaketa eskematik lankidetzara pasatu behar dela uste dugu eta konplizitateak landu; horretan gabiltza gu".

Partida garrantzitsuenak

Hona hemen aurrekontua:

  • Ohiko gastuak: 5.164.346 euro
  • Pertsonal gastuak: 1.953.875 euro
  • Interesak: 27.980 euro
  • Diru-laguntzak: 863.222 euro
  • Kreditu globala: 119.111,04 euro
  • Inbertsioak: 849.188,49 euro
  • Kapital transferentziak: 205.817 euro
  • Pertsonal aurrerakinak: 5.409 euro
  • Kreditu amortizazioak: 826.565 euro

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak