Gogotsu dihardute entseguetan, egunotan, Leizarra musika eskolako haize-metal ikasleek. Izan ere, emanaldia eskainiko dute martitzenean, otsailaren 5ean, Arkupen (18:00). Bakarka jardungo dute, baita taldean ere, eta Bergarako musika eskolako hiru kide izango dituzte lagun orduan.
Hainbat eratako kantuak
"Instrumentu horiek erakutsi gura ditugu, ezagutzera eman; izan ere, tronpeta eta tronboia bai, baina gainerakoak ez dira batere ezagunak. Tronpa eta bonbardinoa, esaterako", dio Susana Plumed irakasleak. Hainbat eratako kantuak eskainiko dituzte; batzuk klasikoak eta beste batzuk oso herrikoiak: "Abesti zailagoak ere joko ditugu; jazz ukitua dutenak, adibidez. Eta emanaldiari bukaera emango diogu La vida es bella filmeko doinu ezaguna guztiok batera eskainita".
Haize-metal instrumentuen taldea indartu gurako lukete musika eskolan, eta, horretarako, ikasle gaztetxoen artean zabaltzea dute helburu. "Halako emanaldietan beste herri batzuetakoak elkartzea oso garrantzitsua da, bakarrik ez daudela sentitzeko", dio Plumedek. Hain zuzen, horregatik, berezia izango da martitzeneko emanaldia, eta, ikasleen senideez gain, herritarrak ere gonbidatu gura dituzte bertara.
Etxahun Iturriotz Euskadiko Ikasleen Orkestran
Orain dela lau urtetik da Leizarra musika eskolako tronpa ikaslea 11 urte dituen Etxahun Iturriotz, eta orain, Bergarako umeen orkestrako eta Euskadiko Ikasleen Orkestrako (EIO) kidea ere bada.
Leizarran bi lagunek bakarrik jotzen duzue tronpa, ez da oso ohikoa; zuk, zergatik?
Lagun batek tronboia jotzen zuen, eta, probatzerakoan, lehenengoan atera nion soinua; horregatik gustatu egin zitzaidan. Geroago, tronpa probatu eta pentsatu nuen: hauxe da nirea.
Noiztik zaude EIOn?
Iaz sartu nintzen lehenengoz, eta aurten probak pasatu ostean jarraitu egiten dut. Dagoeneko hasita zaude entseguekin, ezta? Bai; hiriburuetan elkartzen gara, Gasteizko, Donostiako eta Bilboko kontserbatorioetan, eta hurrengoa Gasteizen izango dugu. Aratusteetan hiru kontzertu egingo ditugu, eta horiek gertatzen gabiltza orain.
Gustura zabiltza?
Bai, bai; tronpa ikasten nirekin dabiltzan lagunak ditut eta Bergarako orkestrako kide batzuk ere badaude.
Irakasleak zorrotzak dira?
Musika eskolakoak baino zorrotzagoak? Bai, baina gehiago ere badakite. Ezberdintasun handiena da denbora; zortzi ordu eta erdi egoten gara kontserbatorioan, atsedenaldiak ere eginez. Iaz, gehiago nekatzen nintzen, baina aurten, bigarren urtea denez, hobeto nabil.