Sarea ondo erabiltzeko egitasmoa abian da

Imanol Beloki Unamuno 2018ko aza. 14a, 16:28

 Aretxabaletako Udalak, Kurtzebarri eta Arizmendi ikastetxeekin, gaztelekuarekin, kale hezitzaileekin eta Guraso Foroarekin elkarlanean, Like Zibereskubideak! egitasmoarekin bat egin dute, eta, horretarako, azaroaren 20an izango den Haurren eta Nerabeen Nazioarteko Egunaren bueltan, ekintza sorta antolatu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak lurraldeko haur, nerabe eta gazteen artean sarean adingabeek dituzten eskubide eta betebeharren gainean sentsibilizatzeko kanpaina bat da Like! Zibereskubideak! Hori horrela, Aretxabaletako Udalak, Kurtzebarri eta Arizmendi ikastetxeekin, gaztelekuarekin, kale hezitzaileekin eta Guraso Foroarekin elkarlanean, egitasmoarekin bat egin dute, eta, horretarako, azaroaren 20an izango den Haurren eta Nerabeen Nazioarteko Egunaren bueltan, ekintza sorta antolatu dute.

Sarekoak arriskuak prebenituz

Egitarauak guraso zein gaztetxoei zuzendutako ekintzak jasotzen ditu. Sareko arrisku-egoeren inguruko hausnarketa egin eta erabilera ona sustatzea da ekimenaren helburua. Horrekin batera, hainbat material eta dinamikaren bitartez, egun erabiltzen diren aplikazio eta tresna desberdinen inguruko hausnarketa bultzatuko da. Sareko eta IKTen erabilera txarra baztertu eta erabilera ona egiteko.

Maider Etxaniz Gazteria teknikariaren esanetan: "Sarean harreman onak bultzatzeko egitasmoarekin bat egin dugu, eta, nerabeei zuzenduta dagoen arren, gurasoentzat ere izango dira ekintzak. Talde bakoitzari eskaintza bat egingo diogu. Gurasoei zuzenduta: bideo jolasak online, mugikorrekin hainbeste ordu pasatzea eta horrek sortzen dituen kezkak... horietaz aritzeko, aholkulari bat ekarriko dugu. Ziberbullyingaz hitz egiteko beste hitzaldi bat izango dugu. Bestalde, nerabeei, sarean eskubide batzuk dituzten arren, harremanetan eta errespetuan oinarritutako betebehar batzuk dituztela ere adierazi nahi diegu".

EGITARAUA

Azaroaren 20an Haurren eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuz, Like! Zibereskubideak! ekimenaren barruan hainbat ekintza antolatu dituzte Aretxabaletan.

Gurasoei zuzendutako ekintzak

• Haurrak eta bideo jolasak: teknoadikzioak Azaroaren 15ean, 18:00etan, osoko bilkuren aretoan. Cristina Isasi psikologoa izango da hizlaria, eta gazteleraz izango da.

Ziberbullying-a Azaroaren 16an, 18:00etan, osoko bilkuren aretoan. Pantallas Amigas-eko kideek eskainiko dute, euskaraz.

Nerabeei zuzendutako ekintzak

Zibereskubideak ekintzak Azaroaren 16an, 17an eta 18an, 18:00etatik aurrera, gaztelekuan, 12 eta 16 urte arteko gaztetxoentzat.

Azaroaren 23an, Like! Zibereskubideak jaia

• Ipuin kontaketa Nire aita online dago ipuin kontaketa eskainiko du Lor Kortak, Algara ludotekan, 17:00etan. LH2ko eta LH3ko haurrei zuzenduta egongo da.

• Scratch programazio ikastaroa Kode eskolak Arkupen emango duen ikastaroa 17:00etatik 18:30era bitartekoa izango da. 9-12 urte bitarteko haurrei zuzenduta egongo da, era bakoitzak bere ordenagailua eraman beharko du. Izena emateko azken eguna, berriz, azaroaren 22a izango da; Arkupen egin beharko da.

• 18:00etatik aurrera DJa eta musika elektronikoa, txapa tailerra eta murala egingo dituzte plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak