Herriko plazan zuten hitzordua egina,12:30ean. Txistulariek lagunduta, Agurra dantzatu diete lehenik ikasle izan zirenek, omenduei. Ondoren, Arkupera egin dute guztiek, han, Eider Ballinak egindako eta Artemak ekoiztutako ikus-entzunezkoa ikusteko. Ikus-entzunezkoan, testigantzen bitartez, sasoi hartako egoera sozio-politikoa azaldu dute, zein egoeratan eta nola sortu zuten Ikastola; eta ez hori bakarrik, zerabilten pedagogia berritzaile eta euskalduna ere goraipatu baitute.
Familia argazkia ere egin dute, duela 50 urte egin zuten toki berean. Maistrak, gurasoak, bultzatzaileak zein ikasleak jarri dira argazkirako. Ondoren, txistulariek lagunduta, kalejiran egin dute orduko ikastola zeneko eraikinera arteko bidea. Han, esker-mezuak eta garai hartakoak gogora ekarriz, ekitaldi xume bezain hunkigarria egin dute. Orduko irakasleek, Matilde Sainzezk, Kristina Gomezek, Edurne Gallastegik eta, Arantxa Iza zenaren izenean, haren ahizpa Ixabelek, oroigarria jaso dute. Matilde Sainzek hitz batzuk egiteko baliatu du unea: "Nire ibilbide profesionalean eta baita arlo pertsonalean ere, hemen emandako urteek garrantzia handia izan dute".
Bukatzeko, Jon Sarasuak sortutako bertsoak abestu dituzte ikasleek. Horietan, euren heziketa euskaraz garatzeko aukera ahalbidetu izana eskertu diete bultzatzaileei.