Aretxabaletako Udalak, hainbat eragileren laguntzarekin –Arizmendi ikastola, Kurtzebarri BH, Atxabalta Mugi, kale hezitzaileak, eta multikirola–, nerabeei zuzendutako aisi eskaintza jasotzen duen eskuorri bat osatu du nerabeen artean banatzeko.
Horren helburua da, batetik erakustea nerabeei Aretxabaletan denbora libreaz modu aktibo eta parte hartzailean gozatzeko aukera asko daudela, eta bestetik, parte hartzea bultzatzea: "Herriaz modu osasuntsuan goza dezaten ondo pasatzeko aukerak eskaintzea herrian bertan", adierazi dute antolatzaileek.
12 eta 16 urte artekoendako
12 eta 16 urte bitarteko nerabeen artean zabalduko dute esku-orria: "Nerabezaroan aldaketa fisiko eta psikologiko asko ematen dira, eta sarritan, euren lekua aurkitzea zaila egiten zaie". Gaineratu dute ekintzetan parte hartzeari uzten diotela eta eurentzako ezer ez dagoen sentsazioa izaten dutela. "Horren aurrean, bertan ditugun aukeren gaineko informazioa ematea interesgarria iruditu zaigu eta eskuorri txiki batean batu dugu", diote.
Informazioa lau ataletan banatu dute gida horretan: aisialdia, artea, kirol jarduerak eta lehiaketa kirola. Atal bakoitzean edozein nerabek izena eman dezakeen ekintzen gaineko informazio zehatzagoa azaltzen da.