Biribilgunea birmoldatuko dute Basaben

Imanol Beloki Unamuno 2018ko ira. 10a, 12:42

Gaur, Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatua Aretxabaletako Basaben egingo den biribilgunea aurkezten izan da, Unai Elkoro Aretxabaletako alkatearekin batera.

Biribilgunetik autobusak eta gainerako ibilgailu astunak pasatzeko orduan leku justua dago, eta segurtasuna bermatze aldera, biribilgune berria egingo dute.

"Bidegurutze hau birmoldatzera goaz, zeren eta, gaur egun, biribilgune bat baino gehiago baita bost adarren bidegurutze bat. Biribilgunea handitu eta egokitzeak segurtasun handiagoa emango dio bidegurutze honi, eta errazagoa izango da autobusen eta gainerako ibilgailu astunen zirkulazioa, zailtasunak dituztelako, gaur egun, puntu horretatik igarotzeko", adierazi du Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuak.

29,5 metroko diametrodun biribilgunea

Gaur egun dagoen bidegurutzean konponketak egin behar zituzten hasiera batean, baina Aretxabaletako Udalak Azbeko lurrak eskuratu ondoren, biribilgune berri eta handiagoa egingo dute. "Lanak urte honen bukaeran lizitatuko dira, eta, 150.000 euroko aurrekontuarekin eta sei hilabete inguruko iraupenarekin, 2019ko otsailean amaituko dira. Hala, ere Udalak lurrak guri uzteko tramitazio txiki batzuk falta dira…", adierazi du Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuak.

Herriko sarbidea hobea izango da lan hauekin, eta biribilgunea egitean, Azbeko proiektuarekin batera, aparkalekuak eta berdegune bat ere egingo dutela bertan adierazi du Unai Elkoro alkateak: "Udaletxean, lanean ari gara gure kaleetako mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko. Helburu horrekin, biribilgunean egingo diren hobekuntzei esker, hobeak izango dira herrirako sarbidea eta inguru horretako zirkulazioa".

Aretxabaletatik Eskoriatzarako irteeran argiteria

Biribilguneko aurkezpenarekin batera, Aintzane Oiarbidek Aretxabaletatik Eskoriatzarako irteeran egindako lanak ere ekarri ditu gogora. GI-627 errepidearen hegoaldeko lotunean Foru Aldundiak uda honetan egin duen aldaketa, hain zuzen ere. Arrasaterantzako mugimendua kenduta, eremu horretan segurtasuna areagotu dutela ere adierazi du. Orain, argiztapena jarriko dute bertan, eta urriaren erdi aldera jarrita izango dela adierazi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak