"Arazoak egon dira lurraren kutsadurarekin, eta horrek atzeratu du kontua. Baina hasi dira eraisten", azaldu du Unai Elkoro Aretxabaletako alkateak.
Bulegoak zeuden eraikina bakarrik botako dute, lantegia bera ez. Izan ere, lantegiak arkitektonikoki balio historiko bat duela deritzo udalak, zerra formadun teilatuagatik. Bulegoen eraikinari dagokionez, bi aukera aztertu ditu Udalak, eta, azkenean, erabaki du herrirako sarrera egoki bat egitea, biribilgune batekin, eta aparkalekuak jartzea, alboan jardin batzuekin.
Lantegiari dagokionez, berriz, hari lotuta dauden beste zati batzuk bota egingo dituzte, baina estruktura nagusia mantendu egingo da, Eroski supermerkatu bat egiteko. Era berean, Urkulurako bideko espaloia zabaldu egingo dute.
Eraisketa lanek astebete inguru iraungo dutela aurreikusten dute.