Azbe lantegia zenaren bulegoak astean botako zirela iragarri zuen Udalak, baina azkenean, haren jabe den Aretxabaleta Navas enpresako ordezkariekin adostu dute andramaixak bukatutakoan heltzea lanei. Honela adierazi du Unai Elkoro alkateak: "Andramaixetako txosnagunea bertan egoten da; hortaz, segurtasuna bermatze aldera, lanok atzeratzea erabaki dugu. Ez da hainbesteko atzerapena, eta lanak lasai egingo dituzte gero".
Bulegoak eta argindar dorrea
Josu eta Unai Arrizabalaga dira eraikinaren jabeak eta adierazi dute eraiste lanetarako gertu dagoela eraikina: "Hormigoia eta burdina kentzea bakarrik geratzen da, baita leihoetako kristala ere, baina hori azken uneko kontua da", dio Unaik, eta gaineratu du: "Gero, Eusko Jaurlaritzako ikuskaritza pasatuko da benetan gertu dagoela ziurtatzeko, eta baimena emateko". Eraikinaren atzeko partean dagoen argindar dorrea ere kenduko dute, eta, horretarako, Urkulu aldera doan errepidea itxi beharra dago: "Errepide hori ixteko baimena ere eskatuta diogu Eusko Jaurlaritzari, eta jasotzear izango dugu".
Behin eraiste lanak hasita, ondo bidean abuztuaren 20an, astebete baino gehiago ez dutela iraungo uste dute. Lanak irauten duten bitartean, une batzuetan, errepidea moztu egingo dela biribilgunearen inguruan, eta trafikoa beste kale batzuetatik bideratuko dela adierazi dute Udal ordezkariek.
Biribilgunea, urte bukaeran
Eraikina bota ostean, biribilgunea eraikitzeko prozesua jarriko dute abian: "Garbitutako lursaila Udalaren izenean erregistratuko da, eta gero, desafektazio izeneko prozesua egin behar da Aldundiari eman ahal izateko. Kontu bat dela, beste bat dela, hilabeteak pasatuko dira, seguru asko. Hortaz, biribilgunearen lanak esleitzerako, urte bukaera izan daiteke", jakinarazi du alkateak.
Zerradun eraikinean denda
Zerradun teilatua duen eraikina, ostera, mantendu egingo da, eta komertziora bideratu. Eraikin horren teilatua, hain zuzen ere, eraberritu egingo du Aretxabaleta Navas enpresak, baina, horretarako, Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eman beharreko baimen baten zain daude: "Lur kutsatuak daude hor, eta baimena behar dute mugitzeko", dio Elkorok.