Aretxabaletako Neo, lehen txakurra Donejakue bidea erromes agiriarekin egiten

Maialen Santos 2018ko uzt. 13a, 12:47

Martxoan ekin zioten Donejakue bideari Aretxabaletako Mari Carmen Astigarragak eta bere txakur Neok, eta hala, APACA animalien babeserako elkarteak emandako Perregrina izeneko erromes agiriarekin bidea egin duen lehen txakurra izan da.

Animalientzako kredentzialak, baina, ez du ofizialtasunik, eta horrek eta beste oztopo batzuek, txakur erromesen eskubideen alde borroka egitera bultzatu dute Neoren bidelaguna. Txakurraren jabeak berak adierazi duenez "helburua gurekin bidea egiten duten txakurrek guk ditugun eskubide berdinak izatea da: ostatuetan, elizetan edota edozein lekutan".

"Gaua heltzean topatu genituen oztopo nagusiak, ostatu publikoetan ez dute-eta animaliarik onartzen, eta ostatu pribatuak garestiegiak izan ohi dira”, salatu du Astigarragak. Gosaltzeko eta bazkaltzeko ere taberna gehienetan trabak jartzen zizkioten txakurrari.

Bidea amaitu zutenetik egin dituzte aurrerapausoak, baina; eurek egindako bideari esker, jada 250 txakur baino gehiagok izan dutelako erromes agiriarekin bidea egiteko aukera. Horrez gain, bidean topatutako oztopoak apurka “gutxitzen” ari direla adierazi du emakumeak, izan ere, ostatu batzuk hasi dira txakurrentzako ateak irekitzen.

Batikanora bidaia

Irailean bidaia garrantzitsua egingo dute Neok eta bere bidelagunak, Aita Santuarekin hitzordua dutelako. Euren esperientziaren eta izandako zailtasunen berri ematea eta bidea egiten duten animalientzako erraztasunak eskatzea izango dute helburu.

Txakurrentzako kredentzialak, eskuragarri

Lanak errazte aldera euren partetik ere jarri dute; orain Donejakue bidea txakurrekin egin gura dutenek kredentzialak eskuratu ahal dituzte Aretxabaletan bertan, hiru euroren truke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak