Oihana Aldai: "Txikitako ametsa lortu dudala esan dezaket"

Imanol Beloki Unamuno 2018ko uzt. 5a, 17:08

Urtebete Zaragozan egin ostean, Realak fitxatu du Aretxabaletako atezaina, urtebeterako. Pozik agertu da fitxaketarekin, eta baita etxera bueltatzearekin.

Oihana Aldai Aretxabaletako atezaina etxera itzuliko da. Realak haren fitxaketa iragarri du 2019ko ekainaren 30a arte. Futbol jokalariak Zaragozan eman du azken urtea, Oiartzundik irten eta gero, eta uztail amaieran hasiko da talde gipuzkoarrarekin entrenatzen. Gogo biziz hartu du etxera buelta, eta ibilbide berria hasteko prest dagoela adierazi du.

Nola jaso zenuen Realak fitxatu egin nahi zintuen albistea?

Oso pozik eta oso ilusionatuta jaso nuen albistea. Txikitatik nahi izaten da talde handi batera iristea, eta, gipuzkoarra izanda, eta Reala moduko talde gipuzkoar talde potente batek eskaini izatea, ba, pentsa... Beraz, txikitako ametsa lortu dudala esan dezaket.

Laster hasiko dituzue entrenamenduak, denboraldi berriari begira, ezta?

Aurten, liga aldatu eta aurreratu egin dute, eta uztail bukaeran hasiko ditugu entrenamenduak. Opor gutxi izango ditudan arren, hasteko gogoz nago.

Zaragozako esperientzia nolakoa izan da?

Esperientzia gazi-gozoa izan da. Etxetik kanpo lehenengo aldiz izan naiz, hain urrun... eta espektatiba handiekin joan nintzen hara, baina ez ziren horrenbesteraino bete. Hasiera batean, ez nuen jokatzeko aukerarik izan, beste atezaina lesionatu zen arte. Ordutik aurrera, gustura geratu naiz egindako denboraldiarekin, eta, gure helburua maila mantentzea zen arren, ez dugu lortu; horrenbestez, alde horretatik, triste samar, edo hala moduz…

Urtarriletik aurrera jokatzen aritu zara; denboraldi amaiera ona jokatu duzu, ezta?

Denboraldia ez genuen oso ondo hasi. Hasieran, sei partidu inguru jokatzeko aukera izan nuen, atzamarra hautsi zuelako atezainak, baina hura lesionatu zenetik jokatzen hasi nintzen, fitxaketa berriak ere izan ziren, eta orduan salto handi bat eman genuen. Hala ere, azken txanpan puntu gehiago lortu genituen arren, ezin izan genion mailari eutsi.

Eta orain, Realera. Etxetik gertu. Gogoz hasteko?

Realean jokatzea, etxera bueltatzea, oso albiste ona eta pozgarria izan da. Beste helburu batzuk dituen taldea da eta ilusionatua eta hasteko deseatzen nago. Aurten, Erreginaren Kopako formatua aldatu egin da, eta, talde guztiek jokatuko dugun arren, dinamika berria izango da eta gogoz nago.

Taldekide berriekin egon zara dagoeneko?

Batzuk ezagutzen ditut, eta egon naiz eurekin. Pozik agertu dira. Horietako bat, gainera, oso lagun mina dut, eta asko poztu zen albistea jakin zuenean.

Poztasun horrekin, emaitzak ere halakoak izango dira?

Bai, bai, hori seguru. Urtero gauza berriak ikasten dira, hobetzen joateko, eta ikasteko aukera emango dit Realak. Gainera, ni prest nago dudan guztia emateko, eta baita disfrutatzeko ere, Realak duen mailak hori exijitu eta eskaintzen duelako.

Laster hasiko duzu ibilbide berria, eta jaiegun gutxi hauetan gaztetxoei azalpenak ematen aritu zara.

Josu Zubia ezagutzen dut, eta hark Mondraren campusera etortzeko gonbidapena egin zidan. Beraz, bertan izan naiz emakumeen eta futbolaren gaineko azalpen txiki batzuk ematen. Uste dut horrenbeste ikusten ez den emakumezkoen futbola ezagutu behar dutela gaztetxoenek, txikitatik. Garrantzitsua da. Emakumezkoen eta gizonezkoen artean ezberdintasunak egin ez ditzaten. Hainbat galdera egin dizkidate haurrek, esandakoak entzuten txintxo aritu dira eta oso gustura izan naiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak