Hainbat egunetan itxita egon ostean, gaur zabaldu ditu ateak Basotxoko tabernak. Etapa berri bati ekiteko han elkartu dira erretiratuen elkarteko zuzendaritza batzordeko hainbat kide, Udal gobernuko ordezkariak alkatea buru, eta bazkide asko. Jakin-minak eta mokadutxo bat probatu nahiak eroan ditu hara azken horiek, eta pozik agertu dira guztiak itxura berrituarekin. "Basotxoko erretiratuei bakarrik ez, ea gainerako herritarrei ere zabaltzen diegun", adierazi du Karmele Uribarrik, Ongizate Saileko zinegotziak.
Zabalik 08:00etatik 21:00etara
Eskarmentu handia du halako lanetan Fabianek eta urtebeterako hartu du ardura. "Ilusio handiarekin nator eta taberna biziberritzeko asmoarekin", jakinarazi du. Hala, hasieratik igarriko dituzte aldaketak erabiltzaileek; izan ere, astelehenetik domekara bitartean egongo da zabalik 08:00etatik 21:00etara –aste bukaeratan 10:00etatik 21:00etara–. "Gosariak eskainiko ditugu eta mokadutxoak ere bai". Gainera, pintxo potearekin bat egingo dute eguazten arratsaldetan, eta Andramaixetan zabalik izango duela iragarri du.
Udako hilabeteotan, uztail eta abuztuan, martxa hartzeko asmoa du: "Herritarren artean zabal dadin nahiko nuke, ahoz ahokoarekin zabaldu. Eta gero, irailetik aurrera, beste ekimen batzuk abian jarri", dio Fabianek. Hala, dantzaldiak, bingoak, lehiaketak, txokolate-janak… eskaintzeko asmoa du erretiratuen elkartearekin eta Udalarekin elkarlanean.