2016an Arrasaten ospatu zuten ekainaren 28ko Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna, iaz Bergaran, eta aurten Aretxabaletan egingo dute.
Normaltasuna popatik hartzera leloa erabiliko dute, eta hauxe adierazi dute Debagoieneko LGTBIQ+ Asanbladatik: "Normala da afektibotasuna eta maitasuna gizon eta emakume baten artekoa izatea; sexu harremana normala da gizonezkoen eta emakumezkoen artean denean, askotan, gainera, emakumearen menpekotasunean oinarritua. Normala da baita bi genero bakarrik bereiztea –gizona eta emakumea–, eta batarekin edo bestearekin identifikatzea, bakoitzari dagozkion rol eta estereotipoen barne, noski; normala da zakila duena gizona izatea, eta, alua duena, berriz, emakumea. Normaltasunak bizitzako gune, espazio eta arlo askotan eragiten du, besteak beste identitatean, maitatzeko eran, sexuaz disfrutatzeko moduan... Aurten ere, itotzen gaituzten kate horiek haustera gatoz, hetero-arauen gainetik gure ipurdi eta gorputzen plazera lehenesten dugulako!".
Manifestazioa
Egun horretarako manifestazio koloretsua deitu dute, Aretxabaletako Herriko Plazan hasiko dena 19:30ean. Aldarrikapen eta festa eguna izango da, eta DJ batek emango dio bukaera egunari; Gaypiriña dastatzeko aukera ere izango da.
Debagoiendar guztiei dei egin diete ekainaren 28ko ekintzetan parte hartzeko.