Hauek dira Aretxabaletako Euskaraldiko hamaika enbaxadoreak: Paloma Martinez, Goio Arrieta, Pili Muñagorri, Neida Gabilondo, Andoni Miguel, Matilde Garai, Jose Ramon Quintanilla, Iñaki San Miguel, Xubane Garai, Lur Garai eta Kepa Errasti.
Arkupe kultura etxean egin dute Kepa Errastik gidatutako aurkezpena. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herrian egingo den Euskaraldiko hamaikakoa osatu dute, beraz, Aretxabaletan. Batzuk ahobizia-k izango dira eta beste batzuk, belarriprest-ak: ahobizi-ak ulertzen duenari euskaraz egingo dio, hark erdaraz erantzun arren, ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo die; belarriprest-ak ere badaude hamaikakoan, euskara entzuteko prest daudenak eta gainontzekoei euskaraz egiteko eskatuko dietenak.
Aretxabaletako Euskaraldia sustatzen Udala eta Loramendi elkartea dabiltza, eta herritarrez osatutako batzordea ere ari da dagoeneko lanean.
Izen-ematea
Aurkezpenean azaldu dute irailaren 20tik aurrera eman ahal izango dutela herritarrek izena ahobizi-ren edo belarriprest-en papera hartzeko. Gero, Euskaraldiak iraungo dituen hamaika egunetan erabiltzeko txapa batzuk banatuko zaizkie horiei, gainontzeko herritarrek ahobizi edo belarriprest bezala identifika ditzaten.
Entsegua, San Migel jaietan
Antolatzaileek aurreratu dute gainera, asmoa daukatela San Migel jaietan 24 orduko entsegu bat egiteko, jendeak esperientzia proba dezan eta Aretxabaletako Euskaraldiko Larraitz Berezibar dinamizatzaileak herritar guztiak animatu nahi izan ditu Euskaraldian parte hartzera.