Otsailean, Oñatin jo zenuten; oraingoan, kalean eta jaialdi baten barruan. Gogotsu?
Bai, horixe; kontzertua dugun astea berezia izaten da guretzako, eta halaxe izan da oraingoan ere. Beti esan izan digute jendea alaitu egiten dela gure musikarekin; hortaz, gure filosofiari jarraituz, ondo pasatzera eta ondo pasaraztera goaz Aretxabaletara.
Ibilbide labur besteko emankorra duzue.
Egia da, bai, hiru abestirekin EPa atera genuen, eta orain dela bi aste argitaratu dugu laugarren kantua. Ez genuen horrelako harrerarik espero. Udazkenean argitaratu nahi dugun diskoko abestiei ere azken ukituak ematen ari gara.
Nora kantuarekin betebetean asmatu zenuten.
Abesti guztien moduan egin genuen, baina... toki eta une egokian egotearen kontua!
Folk pop indie doinuekin, euskaraz eta ingelesez abesten duzue. Zergatik?
Modu naturalean ateratzen zaigu, entzuten ditugun taldeak anglosaxoiak dira; horregatik, ingelesez pintzelada batzuk; hala ere, euskara da gure ama hizkuntza eta egunerokoa. Hortaz, gure oinarria. Hizkuntzen erabilera aberatsa da guretzako.
Zelako kontzertua egiteko asmoa duzue?
Hamalau kantu joko ditugu. Gureak dira, bat izan ezik. Kantu berri batzuk aurreratuko ditugu.