Erosketak etxeetara eramateko zerbitzua martxan ipini gura du, besteak beste, Aretxabaletako EH Bilduk

Miren Arregi Amasorrain 2018ko mai. 15a, 14:34

Herriko komertzioaren egoerak kezkatuta, Aretxabaletako EH Bilduk hori biziberritzeko plana egin du. Horretan, hainbat proposamen egin dituzte. Ideia horiek komertzioekin partekatu dituzte eta harrera ona izan dutela diote. Gaineratu dute, udal gobernuak ere begi onez ikusi duela proposamena. Erosketak etxeetara eroateko zerbitzua edo Aretxabaleta bere osotasunean gune komertzial ireki gisa aurkeztea.

Bost ardatz nagusi proposatu ditu EH Bilduk eta ardatz horien barruan hainbat neurri.

Merkataritza osasuntsua

Horietako bat da gaur egungo merkatariei eta komertzio berri bat zabaltzea gura duenari laguntzeko neurria. Horretarako, udalaren esku dauden neurri fiskalez gain, programa zehatzak bultzatzea proposatzen dute. Esaterako, irekiera lizentziak merkatzea, obra zergetan %50 hobaria aplikatzea, transmisio programak bultzatzea edo lokalak alokatzeko diru-laguntzak ematea.

Herri aktiboa

Gainera, ekintza kulturalak indartu eta herri mugimenduak mimatzea ere garrantzitsu jotzen dute. Kulturak eta herri mugimenduak kaleari ematen dion dinamismoa eta horrek komertzioari egiten dion ekarpena dela-eta.

Gune komertzial irekia

Hirugarren ardatza bereziki nabarmentzekoa dela uste dute eta da hain zuzen ere, Aretxabaleta, bere osotasunean gune komertzial ireki bezala ulertzea. Horrek hainbat aldaketa ekarriko lituzke. "Esaterako, Aretxarte elkarte bat izatetik zerbitzuen hornitzailea izatera pasatzea proposatzen dugu", adierazi dute. "Horrela, beste gune komertzial handiagoekin lehiatzeko eraginkorragoak izan gaitezke".

Horrek, ingurune fisikoan ere aldaketa batzuk ekarriko lituzke proposamenaren arabera. Esaterako, lehentasunezko gune komertzialak definitzea, kalearen okupazioa arautzea edo aparkaleku politika berrikustea.  Gainera, gune estali bat sortzea ere proposatu du EH Bilduk, astelehenetako azokari duintasuna emateko eta ekintza ezberdinak egin ahal izateko.

Hobekuntza lehiakorra

Proposamenaren beste elementu garrantzitsu bat da erosketak mugitzeko zerbitzua martxan ipintzea, herritarrek Aretxabaletan gehiago eros dezaten. Hala, Aretxabaleta eta Eskoriatza artean erosketak komertzioen artean egin eta bezeroen etxeetara eramateko zerbitzua martxan jartzea ere jaso du planean. Oñatin dagoeneko martxan da zerbitzua. "Oñatiko kasua ezagutu genuen, eta oso ondo dabil funtzionatzen. Une honetan 16 dendari eta jatetxe daude programa horretan. Etxeetara eroaten dute erosketa".

Gobernantza

Azkenik, hori guztia ahalbidetzeko udalaren eta merkatarien artean komertzio mahaia sortzea ere proposatu dute. Baita Komertzioa Biziberritzeko Plana egitea, eta udalean dagoen enplegu teknikaria era aktiboan komertzioa bultzatzeko zerbitzura jartzea.

Baliabideak

EH Bilduk badaki "ezinbestekoa" dela giza baliabide eta baliabide ekonomikoak handitzea proposamena martxan ipintzeko. Horregatik, "Eroskiren irekierak ekarri ditzakeen baliabide ekonomikoak herriko komertzioa indartzeko erabiltzea" proposatu dute.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak