Honela adierazi du Maider Etxanizek, Gazteria teknikariak: "Aste Santura begira, iaz, hainbat ekintza antolatu genituen, baina ekintza solte moduan; aurten, denak bateratuta prestatu ditugu, ikusgarriagoa egiteko. Hainbat urte daramatzate gaztelekuko zerbitzuek Gaztekonkis-ekin, eta aurten formatua aldatu dute. Haurren eta nerabeen arteko zerbitzuen artean, hausnarketa bat egin genuen, eta pentsatu genuen bazirela hiru egun haurrak eta nerabeak etxean zeudela, gehienen gurasoak lanean daudelako, eta eskaintza ezberdin bat eskaini nahi izan dugu".
Sari ederrak 'Gaztekonkis'-en
Misterioarekin eta beldurrarekin lotuta dauden erronkak gainditu beharko dituzte izena ematen duten nerabeek Gaztekonkisen, eta hiru sari nagusi egongo dira: Scape Room batera bisita, Baskonia ikustera joateko sarrerak eta afari-merienda bat.
Egitura eta eskaintza ezberdina
Haurrentzako eskaintza, berriz, hiru taldetan banatuko da, zikloka. Lehenak jolasa izango du helburu, LH1 eta LH2koendako izango dena. Bigarrena light painting-a izango da, argazki eta argi bitartez artea sortzeko teknikak ikasiko dituzte tailer horretan, eta LH3 eta LH4ko ikasleendako izango da. LH5 eta LH6koei begira, aldiz, konstelazioen, mikrometeoritoen eta izarren inguruko tailerra izango da Arkupen.
Ekintza guztietarako plazak mugatuak dira; hala, izena lehenbailehen emateko dei egin dute antolatzaileek; martxoaren 5etik aurrera eman daiteke.