Azken urteetan lez, urtea hastearekin batera manifestazioa egingo dute Bilbon, Sarek deituta. Urtarrilaren 13an izango da aurten; horren berri eman eta harako dei egin zuten hainbat aretxabaletarrek eguaztenean: "Urtero errepikatzen den zita bilakatu da, nahiz eta urtero azkena izan dadin nahi dugun. Egoera aldatzen ez den bitartean, ordea, zita errepikatzen jarraituko dugu, herri bezala preso eta iheslarien auziaren irtenbiderako urratsak egiteko prest gaudela adierazteko", zioen Haritz Oiangurenek elkartutako guztien izenean.
Motxiladun umeak gogoan
Frantziako eta Espainiako estatuek "salbuespen legedia" mantentzen dutela adierazi zuten: "Gizarte zibilaren aktibazioari esker lortu zen armagabetzea gauzatzea, eta gizarte zibilaren aktibazioarekin lortu behar dugu preso eta iheslarien aferari irtenbidea ematea. Bide horretan kokatzen da abenduaren 9an Parisen elkartzea, eta bide horretan ere urtarrilaren 13an Bilboko kaleak betetzea". Giza eskubideen defentsak eta konponbidearen eta bakearen baitan urratsak egiteko nahiak batu dituztela adierazi zuten: "Gehiegi luzatu den sufrimenduzko egoera hau amaitzeko prest gaude, hori erakutsiko dugu".
Egun osoko deia egin dute, gainera, urtarrilaren 13rako: "Egun osoko deialdiaren atzean dago izatez gogorra den gai horren aurrean batzen den indarra, elkartasuna, prestutasuna eta ilusioa erakutsi nahia", zioen Oiangurenek. Eta, bereziki, motxiladun umeak izan zituzten gogoan: "Aurten, gai hau lantzen hasi gara, umeek bizi duten egoera gordina itzalean egotetik argitara atera nahi izan dugulako".
Hiru autobus Aretxabaletatik
Hala, Prest gaude leloarekin bat egitera animatu zituzten aretxabaletarrak. Sarek bi autobus antolatu ditu: bata 11:15ean irtengo da eta bestea, 15:15ean; biak manifestazio ostean itzuliko dira. Ernaik ere antolatu du beste autobus bat; hori 12:00etan irtengo da eta goizaldeko hiruretan itzuliko da. Edozeinetan izena emateko epea zabalik dago, Urbaltzen; azken eguna urtarrilaren 10a da.