Solariumak izan zuen kalte handiena
Otsailaren 13ko gauen haizeak kalte handiak eragin zituen Ibarra kiroldegian. Solariumeko fatxadako kristala jausi egin zen barruko bi sabai-leihoen gainera. Leiho horiek ez ziren apurtu; hala ere, solarium guztia kristal zati txikiekin geratu zen. Izandako kalteen ondorioz hainbat egunez itxita izan zuten kiroldegia.
Kalte horiek konpontzeko ardura Udalak izan du; hain zuzen, 437.963 euroko kostua izan dute lanok. Aretxabaletako Udalak Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planaren esparruan sartzen diren laguntzak eskatu ditu; eta, Aldundiaren aldetik 199.710 euroko laguntza jaso du. Hain zuzen, gaur sinatu dute laguntza hori jasotzeko hitzarmena.
"Segurtasuna bermatzeko, apurtu zen kristalezko fatxada aldatu egin dugu; beste material bat jarri dugu orain", azaldu du Elkoro alkateak.
Diputatuak Udalaren sentsibilizazioa eskertu du
Denis Itxasok, bere aldetik, Udalak izan duen sentsibilizazio eskertu du: "Kirola egiteko eskubide unibertsala bermatu dute, horretarako ekipamenduak berrituz". Bestalde, Aretxabaletako Udalak diru laguntzen planean parte-hartu izana eskertu du diputatuak.
Aretxabaletako kiroldegiak 3.015 abonatu ditu eta horietatik 700 bat lagunek egunero erabiltzen dute kiroldegia.
Bisita egin dute kiroldegira
Udaletxean hitzarmena sinatu ondoren Ibarra kiroldegira joan dira Unai Elkoro eta Denis Itsaso kiroldegia ezagutu eta egin dituzten lanak bertatik bertara ezagutzera.