Aretxabaletan, esaterako, Durana kalean elkartu ziren Pentsioak murriztu egiten dituenak ez du gure botoa izango lelopean. "Politikariek botoak irabazteko hartzen dituzte erabakiak. Baina gure kasuan, gure botoekin kontatzen dute horren truke ezer eskaini gabe", azaldu zuen AGIJUPENSeko Debagoieneko jarduneko presidentea den Pedro Etxebarriak. Salatzen dute politikariek hartutako erabakiak ez direla pentsiodunen eskubideen aldekoak, eta beraietaz ahaztu egin direla agintariak.
Hori horrela erakusteko hainbat argudio ematen dituzte elkartekoek. Pentsioei aplikatzen zaien urteko %0,25eko igoera lotsagarria dela diote, esaterako, eta igoera horrekin erosahalmena gutxitzen zaielako.Gogora ekartzen dute, era berean, kasu askotan pentsioak direla familiek duten diru sarrera bakarra
Alarguntasun pentsioak igotzea, eta Espainiako Gobernuak pentsioen kutxatik hartu duen dirua berriz ere itzultzea eskatzen dute AGIJUPENSekoek, eta baita lan pertsonalaren errendimenduaren zergaren aplikazioa etetea ere. Erakunde ezberdinekin harremanak izateko Lehiatila Bakarra egotea da egiten duten beste aldarrikapenetako bat eta gaineratzen dute beharrezkoa dela pertsona ahulekin eta menpekotasuna dutenekin solidarioak izatea.
Aintzat har ditzatela da agintariei egiten dieten eskaria, Pedor Etxebarriak azaldu bezala: "Gure bizitza bizi nahi dugu, eragile aktiboak izatea, protagonismoa. Horretarako bidea behar dugu, eta bide horretan oztoporik ez izatea".