Gipuzkoako erretiratuen elkarte guztietan egingo dituzue elkarretaratzeak. Denok batera, indar handiagoa egiteko?
Hala da. Nagusiak gara, ez gara mutuak. Nagusiak gara, eta, botoa emateko eskubidea dugunez, gure botoa oso garrantzitsua izan daiteke edozein hauteskundetan. Politikariek ez dute hori kontuan hartzen. Ozen esan behar dugu gure eskubideak ez daudela bermatuta. Ez ditu inork bermatzen. Gure ekintzetan sinisten dugu. Astelehenean egingo ditugun elkarretaratzeek eta aldarrikapenek presentzia izan behar dute hedabideetan.
Bailaran ere egingo dituzue elkarretaratzeak.
Antzuolan gaur, egubakoitza, egingo dute. Eskoriatzan eta Oñatin beste egun bat finkatuko dute. Baina gainerako herrietan, astelehenean elkartuko gara, 19:00etan. Ordu laurdeneko kontzentrazioak izango dira.
Nagusien eskubideak aldarrikatuko dituzue.
Urriaren 1a Nagusien Nazioarteko Eguna da. Eta horren aitzakian elkartuko gara. Aldarrikapen nagusia gure eskubideak bermatzeko eskaera da: alargunendako pentsioak, beharra dutenendako laguntza, pentsio duinak guztiondako, pentsioak ez daitezela debaluatu, behartsuenei justizia bermatzea... Lurralde mailako manifestu bat irakurriko dugu elkarretaratze guztietan.
Nolakoa da erretiratuen eta pentsiodunen egungo egoera?
Politikariek ez gaituzte kontuan hartzen. Ez gaude euren agendetan. Inpresioa daukagu beste helburu batzuen menpe, ahaztu egin gaituztela. Ozen esango dugu gure botoa gure eskubideekiko errespetua bermatzera bideratuko dugula.
Pentsioak ez dira negoziagarriak. Ezin dira beste behar batzuk kontuan hartuta kudeatu. Sakratuak dira. Toledoko Itunak jasotzen du pentsioen funtsa sakratua dela. Ezin daitekeela ukitu. Ezin dira trukerako erabili. Errealitatea beste bat da.
Nolakoak izango dira etorkizuneko pentsioak?
Zaila da horri erantzutea. Hori da guk bermatu behar duguna. Oraingo borrokak etorkizuneko pentsioetan izan beharko luke eragina.