Arrasateko kilikien konpartsak eta herriko erraldoi eta buruhandiek elkarrekin egingo duten kalejirarekin hasiko dituzte sanmigel jaiak gaur. Gauean, ostera, bete egingo da Herriko Plaza, kantuan egiteko. Sei Pistols eta Trabuko Bat taldeak girotuko du beste behin.
Zapatuko azoka, jaietako protagonista
Egun nagusia zapatua izango da. Artisautzaren eta nekazaritza ekologikoaren 23. feria egingo dute goiz partean Durana kalean, eta han elkartuko dira 50 postutik gora. Bertako ganadua ikusteko aukera ere egongo da Arlutzeko kantxan. Eta beste urte batez Debagoieneko Mankomunitateak antolatutako Tomatearen Astearekin bat egingo dute; Herriko Plazan erakusketa eta lehiaketa izango dira.
Azokaren bueltan, gainera, Tril elkarteko talogileak izango dira, Iristu gazte taldeak tonbola jarriko du, eta joaldunek girotuko dituzte kaleak.
Arratsaldean, Beinke-Loramendi dantza emanaldia eskainiko dute azken egunotan entseguetan jardun duten herritarrek. Eta bolo txapelketa ere izango da.
Beste txapelketa batekin ekingo diote domekari, doke txapelketarekin hain zuzen ere, eta eguerdi partean herri kirol erakustaldia izango da; punta-puntako aizkolari diren Aitzol Atutxak eta Ugaitz Mugertzak zein baino zein gehiago jardungo dute.
Jaiei bukaera Aretxabaleta Abesbatzak emango die beste behin. Bolero doinuekin beteko dute Iturrigorri pilotalekua aurten, herriko dantzariak lagun dituztela.
Musika asko Gazte Ekimenaren eskutik
Aretxabaletako Gazte Ekimenak ere ez du hutsik egingo jaiotan. Udaletxe zaharra izango dute erdigune han jarriko duten tabernarekin, eta bertso saioa, kontzertu akustikoa, elektrotxaranga eta DJ Baltasarren emanaldia izango dira besteak beste.