Pili Elkorobarrutia: "Talo on baten sekretua irin freskoa da"

Maider Arregi 2017ko ira. 29a, 11:22

Pili Elkorobarrutia aretxabaletarrak lau urte daramatza talogile San Migel jaietan. Urtero Loramendi kultura elkarteak antolatzen du talo postua, eta, aurten ere, "ilusio handiz eta gogotsu", dena prest dutela aurreratu du.

Zein da zure lana?
Masa egiten ibiltzen naiz. Momentuan bertan egiten dugu, gainera, masa freskoa, eta ekarri berria den irinarekin.
Hortaz, masa da talo ona egiteko sekretua?
Bai, bai. Irina egin berria izatea ezinbestekoa da; hau da, irin freskoa izan behar du. Izan ere, sekulako aldea dago, eta igarri egiten da freskoa ez bada. Horregatik, urtero-urtero errota batetik ekartzen da arto-irin egin berria eta guk masa egiten dugu ur epelarekin ondo-ondo nahastuta.
Talo-jotzean ere igarri egingo da, ezta?
Bai! Eskuko kolpea oso garrantzitsua da. Taloak fin-fina izan behar du. Teknika behar da, berehala igartzen da-eta ondo jota dagoen edo ez. Ondo jotzen diren harrotu egiten dira plantxan. Hori oso ona da, nahiz eta gero berriro jaitsi. Esan bezala, taloa plantxan harrotzeko, fina izan behar du, eta hor esku-kolpea da gakoa.
Zenbat jende aritzen zarete egun horretan lanean?
Bi txanda egiten ditugu. Batzuk masa egiten, beste batzuk talo-jotzen, txistorra eta hirugiharra erretzen beste batzuk, zerbitzari lanetan... gutxi gorabehera, txanda bakoitzean 15-20 lagun.
Sekulako giroa sortuko da zuen artean.
Izugarria. Giro oso ona izaten dugu eta horregatik bakarrik merezi du. Batzen garen zenbait jenderekin urtean behin elkartzen naiz, eta hor izaten da.
Taloa jan gabe, gainera, oso herritar gutxi geratuko da.
Bai, bai. Arrakasta izaten dugu, dena agortzen da eta. Ekartzen den irin-zakukada bukatzen da beti. Izan ere, horrelako euskal jai batean, ia guztiok gura izaten dugu taloa jan eta sagardoa dastatu.
Jan bai, baina erreleboa hartzeko prest izaten da jendea?
Bai; ni, adibidez, Karmeleren bitartez animatu naiz. Eta oso gustura. Sekulako giroa izaten dugu denon artean. Eta hor aritzen gara bata besteari talo-jotzen irakasten edo behar denean laguntzen. Izan ere, festa giroan, dena jendearen bistan prestatzen dugu.
Eta talo bat jatekotan, zein da zure gustukoena?
Niretako, txistor-taloa. Hirugiharra ere goxoa da, baina, niretako, onena txistor-taloa da. Horretaz gain, gaztarekin ere ikusi izan dut nik beste leku batzuetan, baina guk ez dugu gazta erabiltzen. Eta umeendako txokolatezkoa ere egongo da, noski.
 

Erlazionatuak

Aretxabaletako sanmigelak: Egitaraua

Itziar Larrañaga Sarasola 2017 ira 26 Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak