Atzera begiratua eginda aurrera jarraitzeko gogotsu agertu da Aratz

Mirari Altube Arrese 2017ko ira. 23a, 21:43

Urteurren ospakizunetan murgilduta izan da Aratz elkartea astean; izan ere, ez dira 25 urte nolanahi betetzen. Filmak, antzezlana eta batukada eskaini ostean gaur, ekitaldi nagusiarekin borobildu eta bukatutzat eman.

Aratzeko familia Arkupen elkartu da gaur, irailak 23, 25. urteurreneko ospakizunak borobildu eta bukatzeko. Atzegiko ordezkariak gonbidatu dituzte: Mitxel Lakunza zuzendaria, Jose Luis Zaldua presidentea eta oraintsu erretiratu den Jose Luis Basoko, besteak beste. Eta Aratzen inguruan lagun izandako asko ere inguratu dira.

Historia eta etorkizuna

Unai Elkoro alkateak hartu du hitza lehenengo, eta bai alkate lez, bai elkarteko guraso lez, Aratzen aldeko konpromisoa hartu du.

Elkarteko idazkari Jokin Antxiak atzera begiratua egin du ondoren, eta Aratzen sorreraren eta nondik norakoen berri eman die. Elkartea abian jarri zuten hamalau familiak izan ditu gogoan; han edo hemen laguntza eskatzerakoan jasotako erantzun bikaina; urteotan egindako ekintzak; eta Aratzen bueltan sortutako familia giroa: "Nire anaia hil zen baina nik oraindik hemen jarraitzen dut", esan du hunkituta. Era berean, gogorarazi du belaunaldi aldaketa dutela egitekoen artean, "atzetik datozen belaunaldi berriek ardura hartu, Aratzek aurrera egin dezan".

Atzegiko Jose Luis Basokok, ostera, Aratzen balio soziala azpimarratu du: "Lortutako guztia zuen lanaren eta ekimenaren fruitua da". Eta gaineratu du: "Adimen urritasuna dutenak errespetatuak eta maitatuak izatea lortu duzue". Aurrera begira jarri da gero Basoko, eta Atzegik etorkizunerako dituen erronkak gogorarazi dizkie.

Esker opariak

Unerik hunkigarriena iritsi da gero; dagoeneko ez daudenak gogoan izateko unea. Argazki bidez ekarri dituzte gogora. Eta ondoren, eskerrak ematera egin dute salto. Sorrerako familiei, arrazoi bategatik edo besteagatik laguntza emandakoei eta elkartera sartu berri diren familiei oparitxoa eman diete: Irantzu Irazolak egindako artisau lana, poesia batek lagun eginda.

Ekitaldia umoretsu bukatu dute Oihulari Klown taldeko kideei esker.

Erlazionatuak

Batukada doinuak Aratzekoen eskutik

Mirari Altube Arrese 2017 ira 23 Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak