Bidegorriko lanak amaituta eta Txarapeako maldakoak, berriz, martxan

Dagoeneko hainbat arazo eragin dituen Aretxabaletako Txarapea kaleko atzealdeko malda egonkortzeko lanak hasi dituzte. Bestalde, Aretxabaletatik Eskoriatzako noranzkoan dagoen bidegorriko ezpondaren egonkortze lanak amaitu dituzte.

Dagoeneko buruhauste bat baino gehiago eragin ditu Aretxabaletako Txarapea kaleko atzealdeko maldak. Iazko martxoan esaterako, lur-jausiak izan ziren maldaren hainbat gunetan. Arazoa, hain zuzen, azpiko urek sortzen dute; batetik, ibilbide horretako urbanizatze lanak egiterakoan ez zirelako ondo bideratu, eta bestetik, autobidearen lanen ondorioz desbideratu egin zirelako ur horiek. Hori dela eta, lurra egonkortzeko lanak hasi dituzte. Atzerapen apur batekin hasi dituzte lanok, eta Gabonetarako bukatuta edukitzea aurreikusten du Udalak. "Abuztuan ziren hastekoak, baina orain hasi ditugu. Lau hilabetetan lanak bukatuta egotea espero dugu", adierazi du Unai Elkoro alkateak.

Malda egonkortzeko asmotan, azaleko ezponda izeneko horma egingo dute. Lan horien ardura Asfaltados y Construcciones Morga SL enpresari eman diote eta 370.000 euroko kostua dute.

Behin lan hauek bukatuta, Elkorok espero du arazo honekin behin betiko bukatzea.

Bidegorria ere konponduta

Bestalde, Aretxabaletatik Eskoriatzako noranzkoan dagoen bidegorriko ezpondaren egonkortze lanak ere amaitu dituzte, hemen ere lur-jausi bat baino gehiago egon da eta. 2013an hasi zituzten ezponda hau egonkortzeko lanak eta orain hormaren bigarren zatia egin dute. "Zorionez, garaiz amaitu ditugu lanak", azaldu du Mikel Uribetxeberriak, Foru Aldundiko Errepideetako Plangintza eta Kudeaketa zuzendariak.

Kontuan izanik Arizmendi-Almen ikastetxeko ikasle askok eskolara joateko bidegorri hori erabiltzen dutela, helburu nagusietako bat zen ikasturte hasierarako lanak bukatuta izatea.

Lan hauek 56.000 euro inguruko kostua dute Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.