Aurreko denboraldiko dinamika onari jarraipena emateko gogoz dago UDA

Ibarreko kirol talde batzuk dagoeneko martxan jarriak dira aurredenboraldiari begira. Goiztiarrenetakoa UDAko gizonezkoen ohorezko erregionaleko taldea izan da. Joan den astean entrenamenduekin hasita, eguaztenean bertan izango dute lehen partidua Oñatiko Azkoagainen, Aloña Mendiren aurka, 19:30ean.

 

Azkoagainekoaren ostean, zapatuan, hilak 26, UDAk Eibarko Urko hartuko du Ibarran, 19:30ean. Hilaren 30ean, berriz, Ariznabarraren kontrakoa jokatuko dute, hori ere etxean eta ordu berdinean.

Aurreko denboraldia hirugarren postuan bukatu zuten aretxabaletarrek, eta aurten ere goiko postuetan ibili nahi dute. Iñigo Velez de Mendizabal entrenatzailearen ustez, hori lortzeko egin beharrekoa "partiduz partidu" joatea da. Izan ere, talde indartsuekin borroka egitea tokatuko zaie. Jaitsi berri diren Tolosa eta Pasaia, Real Union B, Mutriku edota Mondra aipatu ditu entrenatzaileak. Iaz urte bukaera oso ona egin zuten, eta horri jarraipena ematea gurako lukete.

Blokea mantenduz

Fitxaketei dagokionean, Jokin Baltzategi bergararra batu da taldera. Horrez gain, harrobiko Asier Urtzelai, Iker Arriolabengoa, Ibon Perez de Labeaga eta Gillen Mar jokalariak lehen taldearekin arituko dira denboraldi honetan. Hain zuzen, Jose Javier Barkero kirol zuzendariak harrobiak duen garrantzia azpimarratu du: "Klubak urte asko daramatza harrobiko taldeekin lan oso ona egiten, eta horrek badu bere islalehen taldean".

Barkerok nabarmendu du UDAren abantaila nagusia indibidualtasunetatik harago doala, talde konpaktua direla. Lerro guztietan jokalari garrantzitsuak dituztela dio, eta bereziki aurrealdean duten abiadura azpimarratu du.

Aurten ere Ohorezko erregionalean ez dira eskualdeko derbiak falta izango, UDA, Mondra eta Bergara baitaude maila horretan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.