Balaitus mendia (3.144) Pirinioetako Tena bailaratik gertu dago. Huescako (Aragoi) Jaca herrian zegoen aretxabaletar gaztea egubakoitzean abiatu zen tontorra Latour izeneko arrailatik igo eta ondoren La Sarrako aparkalekuraino jaisteko asmoz.
Guardia Zibilak jakinarazi duenez, ingurua oinez miatzen zebiltzan agenteek topatu dute gorpua 16:45ean. Balaituseko hego aurpegiko kanalean topatu dute, tontorretik jaisteko ibilbidetik 150 metro beherago, harriarte batean. Hortaz, itxura batean behin tontorra gaindituta beherantz zihoala izan zuen istripua Crespok.
Orain gorpua ateratzeko lanetan dihardute, "gune oso konplikatua" baita. Azaldu dutenez, bertatik Jacako ospitaleko anatomikora eramango dute helikopteroz.
Gaztea mendian asko ibilia zen, eta Pirinioak ere ongi ezagutzen zituen, eta eskalatzailea ere bazen. Gurasoekin oporrak igarotzen zegoen Jacan, urtero moduan. Arizmendi ikastolakoek Zurizan antolatzen dituzten ekintzetan begirale moduan aritu izan da. Crespo kazetaritza ikasketak egiten ari zen Bilbon.
Jaien hasiera garratza
Aretxabaletarrek Andramaixetako txupinazoa baino minutu batzuk lehenago izan dute albiste txarraren berri. Hortaz, minutu bateko isilunea egin dute, eta ohiko agurraren partez Txoria txori abestu du abesbatzak, eta UDAko haren kamiseta jarri dute udaletxeko balkoian, 19 zenbakiduna. Hain zuzen, herriko kirol elkartea izan da txupinazoa jaurtitzeaz arduratu dena.