Euskal selekzioak deitu dio UDAko Maren Lezeta (Aretxabaleta, 2005) jokalari gaztetxoari eta eguaztenean jokatu zuen lehen partidua. Getxoko Bizkerre taldearen aurkako lagunartekoa izan zen eta 5 eta 0 irabazi zuten: "Oso pozik nago. Hogei minutuko lau zati izan ditu partiduak eta txandaka jokatu dugu guztiok; nik bi zati egin ditut", jakinarazi zuen Lezetak bukaeran. Martxoaren 16an beste entrenamendu saio bat izango du.
"Talentudun jokalaria"
UDAk ilusio handiarekin hartu du euskal selekzioaren deia: "Beti da pozgarria halako deia, noski; pozik gaude bere lorpenagatik eta taldean sortu duen ilusioagatik", dio Iker Arriolabengoak, UDAko futbol eskolaren koordinatzaileak. Alebinen errendimendu taldean dihardu, hain zuzen, Lezetak, mutilekin: "Futbol eskolan sartu zenetik ikusi genion talentu handia zuela eta urtetik urtera maila ona eman du, onenetakoa talde barruan. Umeek era naturalean hartu dute nahastuta jokatzea; izan ere, futbolerako erraztasuna duenarekin ez da arazorik izaten eta Marenen talentuak eta jarrerak asko erraztu dute". Talentuaz gain futbolarekiko pasioa du Lezetak; ordu asko pasatzen ditu, umetatik, Ibarra futbol zelaian, baloi baten bueltan eta talde bat zein bestea jarraitzen. Aurrera begira izango duen ibilbidea nahiko argi dauka Arriolabengoak: "Maila ona dauka eta kirolari on baten ezaugarri guztiak ditu. Begiradan bakarrik atzematen zaio…".
Alebinen taldea sailkapen buruan
Azken partidua Kostkas taldearen aurka jokatu du UDAko alebinen errendimenduak, eta 3 eta 1 irabazi zuen joan den domekan. Partidu guztiak irabazita lehenengo dago sailkapenean 9 punturekin. Hurrengo partidua martxoaren 19an jokatuko dute, etxean, Danena taldearen aurka.