Parte-hartze ordenantza zehazteko prozesua orain dela hilabete batzuk jarri zuen abian Udalak. Udal ordezkariek eta langileek, herriko elkarte esanguratsuenetako ordezkariek eta herritarrek jardun dute horretan Aztiker ikerguneak gidatuta, eta atzo egindako saio irekiarekin azken fasean sartu da.
Hainbat taldetan banatuta egin dute lan orain arte eta ekarpen asko jaso dituzte baita aztertu ere parte-hartze ordenantza zein kasutan erabili.
Adostasunak eta eztabaidak
Zortzi ataletan banatu dituzte gaiak lanerako orduan, besteak beste, Arreta Zerbitzuak, Udal egitura eta Elkarteen Erregistroa ataletan, eta adostasun handiena izan dute herritarrak informatzeari dagozkien kontuek. Desadostasun handienak, parte-hartze prozesuen antolaketak eragin du, besteak beste. Eta Udalaren aurrekontuak ere eragin du eztabaida.
Zirriborroa udalaren webgunean
Atzo Udal ordezkariek, elkarteetako hainbat ordezkarik eta herritarren batek edo bestek egindako saio irekian adostasuna lortzea izan zen helburua. Orain, adostutakoarekin zirriborro bat egingo dute, ordenantzaren egitura izango dena, eta hori Udalaren webgunean zintzilikatuko dute bi astez, herritarrek irakur dezaten eta ekarpen gehiago egin.
Ondoren behin betiko erabakia hartuko du prozesurako sortutako talde eragileak eta aretxabaletarrek parte-hartze ordenantza zehaztuta izango dute.