Hainbat eratako lanak jaso dituzte erakusketan. Batetik, daude joskintza lanak; musika eskolako kideendako egin dituzte zazpi gona baserritar jantziarendako eta Kurtzebarri eskolakoendako, 60 gona gorri eta sei azpikogona, baita txino dantzarako soinekoak konpondu ere eta Aratusteetarako hamaika errezela egin. Horiez gain, hainbat txotxongilo eta panpina ere egin dituzte. Eta bestetik, dago muralismo proiektua, horren barruan sartu dituzte iazko udan Ilargi plazan egindako muralak.
Integrazioa helburu
Sei lagunen artean sortu zuten elkartea, baina hark antolatutako ekimenen bueltan herritar asko elkartu da, 25 lagunetik gora joskintzan eta 50etik gora murala margotzen. Gehienak emakumeak izan dira baina gizonezkoek ere ateak zabalik dituzte.
Integrazioa dute helburu nagusia Gu Haziak Gara taldeko kideek eta integrazio sozialarekin batera ekonomikoa ere bai. Horregatik joskintza lanak eskaintzen dituzte.
Egindako lanak erakutsi bai, baina beti aurrera begira. Hala, herria beste hainbat muralekin apaindu gurako lukete, beti ere integrazioaren alde lanean, eta oraingoan, erretiratuak eta gaztetxoak elkartuko dituzte.
Bien bitartean, atzo arratsaldean zabaldu eta hilabete guztian Arkupen egongo den erakusketa ikustera eta elkartea gertutik ezagutzera gonbidatu dituzte herritarrak.