Bixente Etxeandia futbol txapelketaren zortzigarren edizioa ere arrakasta borobila izan da. 2006an, 2007an eta 2008an jaiotako jokalariz osatutako 50 bat taldek hartu dute parte Aretxabaletako Ibarra futbol zelaian abenduaren 26tik 29ra jokatu den txapelketan. Beste urtebetez futbol partidu uholdea eragin du Bixente Etxeandia futbol eskolen arteko txapelketak; UDA, Mondra, Bergara, Aloña Mendi eta Eibar izan dira, maila ezberdinetan, Aretxabaletako Ibarran lehiatu diren taldeak, eta antolatzaileak oso pozik daude aurtengo txapelketarekin.
UDA eta Aloña Mendi garaile
Lau arratsaldez hamaika partidu jokatu dira eta atzo jokatu ziren finalak. Bixente Etxeandia bera izan zen sari banaketa ekitaldian, neska mutikoei merezitako garaikurrak banatzen. 2008an eta 2007an jaiotakoen artean Aretxabaletako taldea izan da txapelduna eta 2006an jaiotakoen artean, berriz, Aloña Mendi izan da irabazle.
Errespetuari eta kiroltasunari saria
Horrez gain, Eskua proiektuaren sariak ere eman zituzten atzo. Eskua sariak errespetua eta kiroltasuna balioan jartzen du eta aurtengoan bi aipamen berezi egin ditu antolakuntzak. Batetik, Bergarako atezainari eman diote saria, irabazi zein galdu, txapelketa osoan erakutsi duen kiroltasun jokabideagatik eta umiltasunagatik. Eta, bestetik, Aloña Mendi kirol elkarteak ere eraman zuen saria, txapelketara neska gehien eraman dituen taldea izanda, bereziki neskek maila eta jarrera paregabea erakutsi dutelako.
Izan ere, Bixente Etxeandia txapelketan lehia eman arren, formazioa eta balioak direlako garrantzitsuenak: "Umeak gustura ibiltzen dira eta horretaz harro egon behar gara. Eurendako egiten dugu lan, formazio saio moduan. Lehia badago, baina gure helburu nagusia da lehia hori ahalik eta hezitzaileena izatea", adierazi du txapelketako koordinatzaile Iker Arriolanbengoak.