Gabonetako azokari ongietorria egiteko moda desfilea, Aretxarterekin

Mirari Altube Arrese 2016ko abe. 15a, 18:00

Aretxarte merkatarien elkarteak moda desfilea egingo du egubakoitzean, 19:00etan, Herriko Plazan. Ekitaldi xumea baina goxoa antolatu dute Gabonak girotzen hasteko.

Aretxartek antolatutako desfilea neguan egingo dute lehenengoz; izan ere, Herriko Plazan jarritako karpari esker eguraldi txarraren beldurrik ez dute merkatariek.

Hain zuzen bihar, kaleetan, piztuko dituzten Gabon argiekin batera, desfilearekin ere egunotako jaiak girotu gura dituzte.

Ekitaldia girotuko dute musikak eta dantzariek eta alfonbra gorrian atzera eta aurrera, 50en bat herritarrek jardungo dute modelo lanetan. Modelo horiek erakutsiko duten generoa izango da honako komertzioetakoa: Belar Meta arropa denda; Haurrak eta Kilima umeen arropa dendak; M-5 kirol denda; Gemes estetika zentroa; Lie lurrindegia; eta Laura ile-apaindegia. Eta generoa erakutsita herrian bertan kontsumitzera animatu gura dituzte herritarrak egunotan, urteko beste edozein egunetan lez: "Bizi, erosi Atxabaltan", dio Idoia Elexpuru presidenteak.

Gabonetako azoka

Desfileak hain zuzen Gabonetako azokari egingo dio ongietorria. Izan ere, zapatuan eta domekan herritarren postuak izango dira Herriko Plazako karpan. Artisauek, ekoizleek, elkarteek eta Aretxarteko merkatariek izango dute lekua han, eta guztira hogei postutik gora elkartuko dira. Jatekoa eta edatekoa ere eskainiko dute han, eta aurtengo karpa iazkoa baino zertxobait handiagoa denez erosoago egon ahal izango dira bai erosleak baita saltzaileak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak