Emakumezkoen kirolari eta kasu honetan futbolari bultzada emateko helburuarekin hamabigarrenez antolatu du Arizmendi kirol elkarteak Emakumezkoen Gabonetako txapelketa. Abenduaren 30ean eta 31n jokatuko da Aretxabaletako Ibarra futbol zelaian eta horren berri emateko elkartu dira gaur Real Sociedad eta Oiartzun taldeetako eta Udaleko ordezkariak; eta Arizmendi ikastolako eta kirol elkarteko kideak. Baita Arizmendi/UDAko hainbat taldetako jokalariak ere.
Abenduaren 30ean alebinak, infantilak eta kadeteak
Abenduaren 30ean, egubakoitzean, alebinek, infantilek eta kadeteek jokatuko dute txapelketa, goizean goiz hasi eta iluntzera arte. Elkarte askotatik jaso dutela eskaera adierazi du eta ezetza eman behar izan dietela hainbati. Elkartuko diren taldeak izango dira honako hauek: Arizmendi, Aloña Mendi, Bergara, Antzuola, Lagun Onak, Eibar, Urki, Lazkao eta Mutriku.
Abenduaren 31n Reala, Oiartzun eta Debagoieneko selekzioa
Abenduaren 31n, ostera, gorengo mailako taldeek jardungo dute norgehiagokan 10:30ean hasi eta eguerdira bitartean. Aurten Athleticek ezin etorria agertu du, eta horren ordez Oiartzun etorriko da. Azken talde horretan, gainera, txapelketa ondo baino hobeto ezagutzen duen Oihana Aldai atezain aretxabaletarra dago. Hainbatetan jokatu izan du horrek, bai Arizmendi taldearekin, bai Mondrarekin baita Debagoieneko selekzioarekin ere, eta urte batzuetan etorri gabe egonda, "gogotsu" datorrela iragarri du.
Realari dagokionez, txapelketa guztietan izan dela gogorarazi dute, eta eskerrak eman dizkiote horregatik. Realeko kontseilari den Aitor Diaz de Mendibilek adierazi du gainera, oso gustura etortzen direla.
Debagoieneko selekzioaren kasuan hautatzaile aldaketa egin dute, eta aurten Esti Loiti eta Tito Etxeandia izango dira taldearen ardura hartuko dutenak.
Unai Elkoro alkateak eskerrak eman gura izan dizkio Arizmendiri maila horretako txapelketa antolatzeagatik urtero-urtero Aretxabaletan. Eta kirola egiteko baliabideak errazteko konpromisoa hartu du.
Gaur elkartutakoek abenduaren 30ean eta 31n Ibarra futbol zelaira gerturatzera animatu dituzte kirolzale zein herritar guztiak.