Iazko gabonetan jarri zuten lehen aldiz neguko azoka Aretxabaletan. Bada, herritarren erantzun ona ikusita, aurten ere errepikatzea eta indartzea erabaki dute Aretxarte merkatari elkarteak eta Udalak. Hala, aurtengo karpa iazkoa baino ehun metro handiagoa izango da.
Hogei parte hartzaile inguru izango dira karpa horretan. Esan bezala, hilaren 16tik 20ra bitartean izango da azoka, eta hain zuzen orduan piztuko dituzte gabon argiak kalean. Azokako lehen egunean, Aretxartekoek desfilea egingo dute, eta datozen bi egunetan jarriko dituzte postuak ekoizleek. 19an, egurrezko jolasak izango dira umeentzat, eta bukatzeko, hilaren 20an, Musika Eskolakoek gabonetako kontzertua eskainiko dute.
Gabon kanpainako ekimenak
Bideo promozionala
Azken urteotan bezala, Aretxabaletako gabon egitarau hau iragartzeko, Alberdik eta Zangituk bideo bat prestatu dute, eta hau ere gaur aurkeztu dute. Mikel Alberdik dio jendearengan "kuriositatea" nabaritu duela aurtengo ikus-entzunezkoa nondik nora joango den jakiteko.