Irabazteko zer egin gakoa duen futbol taldea

Mirari Altube Arrese 2016ko aza. 18a, 11:02

Arizmendi/UDAko senior mailako futbol taldeak bihar, zapatua, jokatuko du lehen bueltako azken partidua eta guztiak irabazi ditu orain arte. Azkena, baina, ez da nolanahikoa Mondraren aurkako derbia hain zuzen ere. 11:30ean da, Ibarra futbol zelaian.

Sailkapen buruan dago Arizmendi/UDA, 24 punturekin, lehen buelta bukatzear dela. Hortaz, jokatutako partidu guztiak irabazi dituzte. Hori gutxi ez, eta 2014ko urtarriletik ez dute partidurik galdu etxean. Bolada horri eutsi gura dio taldeak  eta lehen bueltako azken partidua ere irabazi gura du, Mondraren aurkako derbia, hain zuzen ere. Bihar, zapatua, jokatuko dute, 11:30ean, Ibarra futbol zelaian.

Abuztutik lanean

Esti Loiti Titu arrasatearrak eta Tito Etxeandia aretxabaletarrak  hartu dute taldearen gidaritza aurten. Denboraldi polita egiten dabiltza baina atzean lan handia ere badago: "Emaitzei begiratuta partidu asko samurrak izan direla pentsa lezake norbaitek, baina gertutik jarraitu gaituztenek badakite partidu batzuk kostata atera ditugula aurrera", jakinarazi du Titu-k eta gaineratu: "Taldeak kalitatea du, baina lanean ere ez da atzera geratzen. Abuztutik gabiltza lanean, ligak ez du etenik izan  eta jokalariek ondo erantzuten diote eskatutakoari. Hortaz, kalitateak lagundu ez duen partidu horietan aurretik egindako lanak lagundu izan digu".

Ane Garcia kapitaina taldeko beteranoenetakoa da; dagoeneko hamabi bat urte daramatza futbolean jokatzen: "25 urte ditut eta beteranoa naiz, hori ez da gertatzen mutilen kasuan", dio. Hain zuzen hark du gogoan ia hiru urte direla etxean partidurik galdu gabe: "Galdutako azkena Añorgaren aurka izan zen". Gustura dago egiten dabiltzan denboraldiarekin, nahiz eta jokalari kopuruari dagokionez justu ibili: "Ez gara asko, baina  indartsu gaude eta horri esker goiko postuetan".

Derbirako "gogotsu"

Mondraren aurkako derbia dator orain, eta hori ere irabaztea da helburua. Hala ere, argi dute ez dela samurra izango: "Halako partiduak izan ohi dira jokatzeko zailenak", dio entrenatzaileak. Garciak derbi asko bizi izan ditu eta gogotsu dago: "Sasoi baten maila ezberdintasun handia zegoen, eta gu beti atzetik ibiltzen ginen. Orain parekatuta gaude eta emozio handiagoa dago", dio, eta argi du zer gura duen: "Irabaztea, noski". Eta zaleei dei egin diete harmailak berotu ditzaten.

 

Esti Loiti Titu, entrenatzailea: "Kalitatea dago taldean baina lan handia ere bai emaitzen atzean"

Mondrako jokalari ohiak urte asko egin ditu futboletik urruti, eta aurten, entrenatzaile lanetan hasi da.

Zer moduz futbolerako itzulera?
Oso gustura. Urte asko izan dira futboletik kanpo, baina harra beti geratzen da hor. Gaztetxoen talderen bat hartzea pentsatuta nuen baina eskaintza hau iritsi zitzaidan eta pozik nabil.

Taldea dagoeneko osatuta zegoen; zelakoa da?
Talde heldua eta kalitate handikoa. Ni iritsi nintzenerako hori bazegoen, eta orain saiatzen gabiltza geroz eta exijentzia handiagoa izaten.

Orain arteko partidu guztiak irabazi dituzue, hori ez da ohikoa…
Kalitatea egon arren lana ere badago horren atzean, lan handia, gainera. Astean hirutan entrenatzen dugu eta jokalariak bikain dabiltza erantzuten.

Eta hori justutxo ibili arren jokalari kopuruari dagokionez, ezta?
Hori da; azken urteotako arazoa da antza, nik gertutik jarraitu ez arren. Egubakoitzetan partidurako jokalari bila ibili beharra gogorra da gero. Arizmendi/UDAn dugu jende falta baina Mondran ere bai, hortaz, zerbait pentsatu beharko dugu. Hori epe ertain edo luzera begira izango da.

Bihar derbia; ez da edozein partidu, ala?
Ez, eta  ez da partidu samurra izango, burua hotz mantentzea kosta egiten da halakoetan eta.
Aukera polita da zaleak gerturatzeko eta seniorren taldea ezagutzeko.
Hori da. Poliki-poliki gehiagora goaz eta gure mailan ere partidu politak ikus daitezke. Hortaz, beldur gabe gerturatu zaleok ondo pasatuko duzue.

Egunen baten tokatuko da galtzea…
Bai, bai, eta jokalariekin ere hitz eginda daukat. Edozein unetan iritsiko da partidu tonto bat eta jausi egingo gara. Baina ez da ezer gertatuko. Nik jokalariei eskatzen diet entrenamenduetan egiten den lana egiteko partiduz partidu.

Bide honetatik jarraituta gora begira jartzeko moduan zaudete.
Pausoz pauso guztia. Igoera fasea jokatuko dugu lehenengo, eta gero zer? Ondo pentsatu behar. Izugarrizko ilusioa dago baina esandako moduan jokalariz justu gabiltza eta…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak