Iristu gazte taldea Euskararen Eguneko egitaraua gertatzen dabil

Mirari Altube Arrese 2016ko aza. 16a, 15:49

Abuztu inguruan sortu zen Iristu gazte taldea Loramendi euskara elkartearen barruan eta zortzi gaztetxok osatzen dute. Euskararen Nazioarteko Egunerako egitarau dotorea gertatu dute eta ekitaldiak zehazten dabiltza egunotan.

Hainbat urtetan saiakera egin ostean aurten gazte taldea sortu da Loramendi elkartean. Iristu jarri diote izena, Iristu, euskera piztu! hain zuzen ere, eta zortzi lagun elkartu ohi dira horren bueltan astean pare bat egunetan.

Loramendi eta herriko gazteen artean zubi lanak egiteko asmoarekin sortu dute, herriko gazteen artean erreferente izan eta euskaltzaletasunera erakartzeko helburuarekin. Ez da aisialdi talde bat; izan ere, euskararen aldeko ekintzak antolatuko dituzte autonomia handiarekin eta autofinantzatuta.

Egun osoko egitaraua abenduaren 3an

Azken asteotan lan handia izan dute; izan ere, abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Eguna zehazten jardun dute. Egun osoko egitaraua gertatu dute ordurako. "Eguna hasiko dugu Gora euskara! erronkarekin, eta eguerdian, bertso saioa izango da Lekaixoka bertso eskolaren eskutik. 19:00etan, batukada-poteoa egingo da Zaparrada taldearekin eta gauean kontzertuak egongo dira hiru talderen eskutik: Idoia eta Sara; Atsekabe; eta Txerrikumeak", dio Lur Garai taldekideak.

Jai giroak eta aldarrikapenak bat egingo dute orduan, eta egitarau horretako Gora euskara! erronka nabarmendu gura izan dute Iristuko kideek: "Euskararen aldeko leloa hartu, mendira igo taldeka (gutxienez hiru lagun) eta argazki originala atera beharko da han. Jasotako argazkien artean saria izango dute originalenak eta tontorrik garaienean ateratakoak". Horretarako aurrez izena eman behar da honako helbidera idatzita: euskara@loramendielkartea.eus.

Loramendi elkarteko Martin Berrizbeitiak dinamizatzen du taldea eta hari lagun egin ohi dio gaztelekuko begirale den Jone Ojeak. 15 eta 16 urte arteko zortzi gaztetxok osatu arren taldea, ateak zabalik dituztela edonorendako jakinarazi dute, eta giro polita topatuko dutela aurreratu du.

Taldea indartzeko zabalik eta lanerako gogotsu dago Iristu. Oraingoz abenduaren 3ko ekitaldietara gonbidatu dituzte aretxabaletarrak, guztien artean euskarari bultzadatxo bat emateko helburuarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak