Atxabalta Mugi egitasmoko bulegoa ekainean zabaldu zuten eta poliki-poliki hartu du martxa; izan ere, dagoeneko 47 erabiltzaile ditu eta gero eta jende gehiago gerturatzen da. Batez ere erretiratuak dira aholku eske doazenak; batzuk medikuak esanda gerturatu dira, hamalau inguru, baina gainerako guztiak zerbait egin beharrak bultzatuta. Izan ere, erabiltzailearen profila da hainbat osasun arazo dituen edadeko herritarra.
Atxabalta Mugi egitasmoa apirilean jarri zuten abian Eusko Jaurlaritzak, Debagoieneko ospitaleak eta Aretxabaletako Udalak bat eginda, herritarrak jarduera fisikoa egitera bultzatzeko helburuarekin. Hain zuzen helburu horrekin egin zuten atzo, eguena, ibilaldia. 20 lagun inguru elkartu ziren, eta asmoa bazen ere bi ibilaldi egitea, bata erraza eta bestea esfortzu handiagokoa, azkenean erabaki zuten guztiek elkarrekin Eskoriatzara joan-etorria egitea.
Abenduan erorketen gaineko ikastaroa
Beste ekintza batzuk egiteko asmoa ere badute. Datorren hilabete hasierarako, esaterako, erorketen gaineko tailerra antolatu dute; erorketak ekiditeko eta jausiz gero zelan altxatu jakiteko trebakuntza teorikoa eta praktikoa egingo dute.
Aholkuak gura dituenak Durana kaleko informazio bulegoko ateak zabalik topatuko ditu astean hiru egunetan: astelehen goizetan, 09:30etik 13:30era bitartean; eguazten eguerditan, 14:30etatik 16:30era; eta egubakoitz arratsaldetan, 16:00etatik 18:00etara.