Joan den asteko osoko bilkuran onartu zituzten pleguak eta azaroaren 28a arte dago epea eskaintzak aurkezteko. Lehiaketaren aurrekontua 780.800 euro pasatxokoa da. Bi urterako hartuko dute enpresa hori, beste bi urte gehiago luzatzeko aukerarekin. Diru eskaintza (%30) eta eskaintza teknikoa (%70) baloratuko dituzte.
Kiroldegiaren zerbitzuen ardura edozeinek hartuta ere Udalak dagoeneko erabakita dauka Ibarrako ordutegia luzatzea. Izan ere, martxoan egindako gogobetetasun inkestan erabiltzaileek gehien eskatutako kontua izan zen. Hain zuzen, luzapen horregatik onartu zuen Udalak %1,5eko igoera tasetan datorren urterako.
%86,4ko autofinantzatzea
Zerbitzua ematen Athlon egon da kiroldegia zabaldu zenetik eta Udal ordezkariak gustura daude harekin. Zerbitzuarekin ez ezik, kiroldegiak azken urtean eman dituen datuekin ere oso pozik daude, bai bazkide kopuruari dagokionez, bai jardueretako erabiltzaileei dagokienez.
Diru sarrerei eta gastuei dagokionez, urte bukaeran 100.000 euro pasatxoko defizita izango duela Ibarrak uste dute, hortaz, oso pozik daude %86,4ko autofinantzatzea lortu duelako aurten. Hurrengo urtetara begirako helburua ere zehaztu dute %80aren bueltan eustea kiroldegiaren autofinantzatzeari.