Kirol ereduaren eta baliabideen gaineko hausnarketa eskatu du EH Bilduk

Mirari Altube Arrese 2016ko ira. 22a, 16:03

Prentsaurreko bidez adierazi dute EH Bilduko zinegotziek kirolaren gaineko hausnarketaren eta plangintza orokor baten beharra. Kiroldegi aurreko orubean zazpiko futbola jokatzeko zelaia egiteko asmoaren berri komunikabideen bitartez izan dutela diote, eta horren aurrean herritarrekin "hainbat gogoeta konpartitu" nahi izan dituzte.

Udal gobernuak izandako kudeaketa "ez dela gardena" izan diote: "Asmo horren berri uztailean, kalean, entzun genuen. Ondoren kirol zinegotziari galdetuta erantzuna izan zen ez zegoela ezer itxita eta oraindik erabakitzeko zeukatela. Iraileko kirol batzordean hori lantzeko konpromisoa hartu zuen, baina batzordea oraindik ez da sortu eta mediotan jaso dugu EAJren asmoaren berri".

Gaineratu dute eztabaidatzeko dagoela zein kirol eredu nahi den eta zenbat baliabide erabili behar diren horretarako: "Kiroldegiko mailegua eta gastuak kontuan hartuta Udal aurrekontuaren %20 hartzen du kirolak; hortaz, kirol arloan inbertsio berriak egiteko egoeran gaude?".

Almen ikastetxeko futbol zelaia

Eta Udal gobernuari eskatu diote "plangintza orokor bat, ikuspegi globalarekin eta koordinazioarekin": "Azbe izan zen lehenengoa eta aurrera egin zuen, orain hau etorri da eta aurrera. Baina zeintzuk dira gobernu honen lehentasunak? Gure susmoa da nahiago dutela ondo saltzen diren gauzak bakarrik egitea".
Era berean, jakinarazi dute UDAk mahai-gainean jarri dituen beharrak ulertzen dituztela, baina gaur egungo zelaiaren eta egon daitezkeen aukeren gaineko ikerketa egin beharra dagoela. Gainera, Almen ikastetxeko futbol zelaia konpontzeko gogoaren berri bazuela Udal gobernuak diote: "Ez da hobe eginda dagoena konpontzea? Aretxabaletako eta Eskoriatzako udalen, UDAren, Arizmendiren eta diputazioaren artean planteamendu txukunagoa, merkeagoa eta logikoagoa egin daiteke".

Hori horrela, Udal gobernuari eskatu diote "lehentasunen berri emateko eta herriko plangintza orokor bat gogoz bultzatzeko. Elkarrekin herri hobe baten alde lan egiteko gertu" agertu dira EH Bilduko kideak, eta gonbidapena ere egin diote: "Gure ekarpenak kontutan hartzeko, proiektuak zerotik gardentasunez lantzeko eta herria osotasunean ikusteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak