Kreditu aldaketa batekin hasi zuen ohiko osoko bilkura atzo, astelehena, Aretxabaletako udalbatzak. 80.000 euro pasatxo onartu zituzten hainbat kontutarako. Zati bat, esaterako, Larrialdi Zerbitzuetarako izango da.
EH Bilduko zinegotzi Hector Prietok txalotu egin zuen Larrialdi Zerbitzuen gainean egindako eskaera onartu izana. Izan ere, kezkatuta zeudela %18ko jaitsiera zegoelako aurreikusita jakinarazi zuen, eta gaineratu, halako murrizketarik ez proposatzeko gehiago, batez ere ahulendako diren laguntzen kasuan. Kultura ekitaldietarako, ostera, 15.000 euro sartu dituzte.
Arkupen egindako ekitaldietatik dirua soberan izango dela urte bukaeran aipatu zuen alkateak, baina kultura ekitaldiok kalean egitearen alde agertu zen, “herria bizitzeko helburuarekin”.
80.000 euro horietatik, gainera, 30.000 inguru kreditu orokorrean sartuko dituzte urte bukaeran beharren bat izanez gero erabiltzeko. Kreditu aldaketa aho batez onartu zuten elkartutako guztiek, baina EH Bilduk plangintza baten beharra egotzi zion Udal gobernuari.
Bestetik, Hirigintza Saileko teknikari bati maila igotzea onartu zuten. Hirigintza Sailean hainbat aldaketa eman dira azken urteotan, eta datorren urtean ere etorriko direla iragarri zuen alkateak, 30 urtetik gora daramatzan Jose Mari Segovia teknikariak erretiroa hartzerakoan, hain zuzen.
Eta osoko bilkura bukatu aurretik, datorren domekan hauteslekuetan egon beharko duten herritarrak aukeratzeko bigarren zozketa egin zuten. Izan ere, aurretik izendatutako hainbatek alegazioak aurkeztu dituzte eta Hauteskunde Batzordeak onartu egin dizkiete.