Errepidearen egoera ez da batere ona, eta hori jakinik, otsailean onartutako aurrekontuan sartu zuen Udalak asfaltatze lanen kostua. Lanok hasteko zirela, baina, beste eskaera bat jaso du Udalak; gas hodiak sartzeko EDP enpresaren baimen eskaera hain zuzen ere.
Eskoriatza eta Aretxabaleta artean egingo dituzte lanok. Hodi batzuk bidegorrian sartuko dituzte eta dagoeneko seinaleztatuta dago non moztu behar duten. Beste hodi batzuk, ostera, errepide azpitik pasatuko dituzte zulorik egin barik.
Erabiltzaileek ez dute aparteko onurarik igarriko hodi berriekin. Dena den zerbitzu hobea bermatuko duelakoan dago Aretxabaletako alkatea, batez ere, matxuraren bat gertatuz gero.
Data zehatzik ez dute jakinarazi, baina abuztuan egitea hitzartu dute Udalaren eta EDP enpresaren artean. Ondoren, irailean, asfaltatze lanei helduko diete.